Odola emateko 38 txanda hartuta

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 23a, 08:33

Bihar, barikua, egingo dituzte urteko lehen odol ateratzeak Soraluzen eta dagoeneko 38 lagunek hartu du aldez aurretik txanda Gotatanta.eus atariaren bitartez. Guztira, 49 odol emailerendako txanda dago. Odol-erreserba gutxi dagoela-eta, osasun erakundeek deialdi berezia egin dute odola ematera joateko. Gaur eta bihar ere badago txanda hartzeko aukera.

Biharko, barikua, dagoeneko 38 lagunek hartu dute txanda odola ematera joateko. Guztira, 49 txanda daude Soraluzen, beraz, oraingoz, erantzun oso ona ematen ari dira herritarrak, are gehiago kontuan hartuta odol erreserbek behera egin dutela eta behar handia dagoela.

Edozelan ere, litekeena da horietako hainbatek odola ezin eman izatea, hainbat arrazoi tarteko –kirol intentsua egiteagatik, botika jakin batzuk hartzen baldin badira, katarroa izanez gero…- ez baitute odola ematen lagatzen.

Gaur, eguena, oraindik har daiteke txanda Gotatanta.eus webgunea baliatuta, eta, bihar, berriz, telefonoz deituta: 943 00 78 85.