Atzo, astelehena, makinak ekarri eta gaur goizean bertan hasi dituzte asfalto-lanak Estaziñoan. Gaur, Zeletarako aldapa dihardute fresatzen eta bertako aparkalekua ere bai. Dena gertu lagata, bihar asfaltatu egingo dute eremu guztia. Ondorioz, bihar goizean, 08:00etatik 11:00etara, Zeletarako aldapa/zubia itxita izango da ibilgailu guztientzako.
Bihar, Estaziñoko parkeen arteko zatian egingo dituzte obrak. Herriko zirkulazioan eragina izango dute obra horiek, izan ere, Estaziñoko zebrabidea -argazkikoa- asfaltatzen duten bitartean, autobusen eta kamioien joan-etorria galarazita egongo da baina autoek bertatik pasatu dira, behin behineko pasabide bat sortuta.
Bihar, goizean autobus geltokiak aldatuko dituzte
Asteazken goizean, lanek irauten duten bitartean, aldatu egingo dituzte autobus geltokiak:
- 09:30etik 12:30era, Ezozibideko biribilguneko, Estaziñoko eta Errekaldeko (Bergarako noranzkoan) autobus geltokiak ezingo dira erabili.
- Eibartik (irteera 9:45etik 12:15ak bitartean) eta Donostiatik (irteera 10:15ean) datozen autobusek Sagar-Errekako geltokia erabiliko dute.
- Mendarora 11:40ean irteten den autobusak Errekalde (Eibarko noranzkoan) Zubi Nagusian eta SAPAn izango ditu geltokiak.
Eguenean, Olako zubia
Eguenean eta barikuan asfaltatze-lanek segida izango dute. Ondo bidean, eguenean, Olako zubian egingo dute lan. Han, zirkulazioa txandaka bideratuko dute.
Barikuan Atxuri, Ezozibide eta Mendiola
Barikuan, berriz, herriko hiru puntutan egingo dute lan. Batetik, Atxuriko aldapan, egoitzarakoan. Han ere, zirkulazioa bideratzeko bazterreko aparkaleku batzuk erabiliko dituzte eta ez dute bidea erabat itxiko.
Ezozibidean, berriz, Gabolatseko aldaparen osteko zatian, 2. atariaren parean asfaltatuko dute errepidea. Han ere, aparkalekuak libratu egin beharko dira barikurako, aparkalekuak dauden lekutik bideratuko baitute zirkulazioa.
Azkenik, Mendiolan, industrialdearen bukaerako aldean egin behar dituzte asfalto-lan batzuk. Aurreikuspena da bariku arratsaldean egitea horiek.
Firmes Alaveses enpresa ari da asfalto-lanak egiten, 48.135,54 euroko aurrekontuarekin.