Odol-erreserbek behera egin dutela-eta, odola ematera joateko deia

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 21a, 09:08

Bi herritar iazko lehen odol ateratzean.

Osakidetzak eta Osasun Sailak ohartarazi dute “odol-osagaien erreserba-mailak ohiko mugetatik behera” daudela, eta egoera horri eragiten diola, gainera, “urtaro honetan izaten den birus eta arnas infekzioen hazkundeak”. Hori horrela, odola ematera joateko deia egin dute. Soraluzen, justu bariku honetan egingo dute urteko lehen ateratzea eta bihartik har daiteke txanda.

Osakidetzatik azpimarratu dutenez, “ia odol talde guztietan hobetu behar dira erreserbak”. Egoera horren aurrean, laguntza eskatu diete noizbait odola eman duten pertsonei, baita ematea pentsatu baina oraindik egin ez dutenei ere, paziente guztiei arreta medikoa bermatzeko. “Odola ematea da Euskadin egunero 200 pertsona ingururen bizi-tratamendurako funtsezko osagaiak eta sendagaiak lortzeko modu bakarra”, azaldu dute Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrotik.

Tratamentu onkologikoak, ebakuntzak…

Adibide modura, gogora ekarri dute odolaren osagaien bidez, hainbat behar mediko artatzen direla: “tratamendu onkologikoak, ebakuntza kirurgikoak edo larrialdiak, eta paziente akutuentzako eta kronikoentzako sendagaiak”.

Datuak ere helarazi dituzte: “Euskadik 79.032 odol-emate erregistratu zituen 46.844 emaileren aldetik. Guztira, 30.000 pertsona baino gehiago izan ziren produktu horien onuradun, bizitza salbatzeko edo osasuna hobetzeko balio izan zietenak”.

Soraluzen barikuan

Soraluzen, justu aste honetako barikuan egingo dute 2025eko lehen odol ateratzea, 16:30etik 20:10ak bitartean, Itxaropena Erretiratuen Elkartean. Bihartik, eguaztena, hartu ahal izango da txanda. Bihar eta etzi Gotatanta.eus webgunean, eta barikuan, goizez, telefonoz deituta: 943 00 78 85.