Dagoeneko ikus daiteke non izango duen Plaentxi Eskolak sarrera nagusi berria. Eraikitze-lanak bukatu barik daude, baina egitura bistaratu da eraikinaren eskumako aldera. Aurreraxeago, oraingo sarreraren tokiraino luzatuko dute fatxadako pareta eta sarrera berriraino iritsiko den leiho berria jarriko dute.
Bestalde, sarrera berriaren ondoan zuzendaritza-gela berria izango da. Hori ere ari dira egokitzen; gaur egungo zuzendaritza-gelaren bikoitza izango da. Halaxe esplikatu du obrak egiten ari den Construcciones Echaide enpresako Xabier Gonzalez arkitektuak eta obra buruak.
Eskailera erosoak jantokirako
Hark esan duenez, eskolaren barruko aldean ere ari dira lanean. Kasu honetan, jantokirako eskailerak egokitzen. Orain artekoak oso bertikala ziren; berriak, berriz, “gaur egungo eskailera erosoak izango dira eta 1,50 metro zabal izango dira. Ez dauka zerikusirik lehenagoko eskailerarekin”. Gaineratutakoaren arabera, eskailera berriez aparte, fatxadatik jantokira zuzenean sartzeko atea ere egingo dute.
Azkenik, eskolaren kanpoko aldean igogailua eraikitzeko obrak egiten ari dira. Orain, igogailuaren fosoa egiten ari dira hormigoiarekin eta gero, hortik gora egingo diote burnizko estruktura. Gonzalez obra buruak esandakoaren arabera, dena ondo bidean, hilaren amaieran hasiko dira igogailuaren estruktura altxatzen.
Igogailua
Hark jakinarazi duenez, igogailuaren fosoa eraikitzeko zuloa egitean, Iberdrolako tutuak azaldu ziren kokaleku desegokian. Construcciones Echaide enpresak tutuendako kanalizazio berria egin zuen orain dela denbora, eta Iberdrolakoak etorri eta egokitzapenak egin ondoren segitu dute lanekin.
Beraz, aurrera segitzen dute baita igogailuaren obrek ere. Hori bai, bukatzen azkenak izango dira, obra konplikatua baita. Izan ere, igogailuaren estruktura altxatu eta gero, igogailutik eskolako solairuetara zein patiora joateko pasabideak eraikiko dituzte; pasabideak lurraren maila berberean eraiki behar dituzte derrigor, eraikinaren ezaugarrietara egokituz, eta, obra buruak esplikatutakoaren arabera, estruktura altxatu arte ezin dute jakin zer aterako den. “Seguru aski, bai jangela eta baita sarrera ere bukatu egingo ditugu eta igogailuarekin segituko dugu”, esan du.
Gainera, igogailuaren estruktura bukatuta izan arren, posible da oraindik igogailurik ez izatea. “Ez dira igogailua fabrikatzen hasten estruktura izan arte, eta gero eurek euren denbora behar dute guztia eraikitzeko eta muntatzeko”, esplikatu du Gonzalezek.