Bi kaxakada betaurreko

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 15a, 09:26

Koldo Kareaga Itxaropenako zuzendaritzako kidea betaurrekoen kaxekin, atzo, martitzena.

Bukatzear da Madagaskarrerako betaurrekoak batzeko kanpaina. Itxaropena Erretiratuen Elkartean ari dira egiten eta oso pozik daude orain arteko emaitzarekin, dagoeneko bi kaxadaka betaurreko batu baitituzte. Denetariakoak eraman ditu jendeak, progresiboak, eguzkitakoak, irakurtzekoak… Urtarrilaren 31ra arteko epea dago betaurrekoak eramateko.

Itxaropena Erretiratuen Elkartean hilaren amaierara arte segituko dute Madagaskarrerako betaurrekoen bilketa egiten. Dagoeneko bi kaxakada batu dituzte eta dei egiten die herritarrei azken bi asteotan eraman ditzaten etxean erabiltzen ez dituzten betaurrekoak. Martitzenetan zein eguenetan eraman daitezke, martitzenetan, 11:00etatik 12:00etara eta 16:30etik 18:30era eta eguenetan, 11:00etatik 12:00etara.

Gipuzkoako Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteak bideratu du bilketa Baobab elkartearen bitartez, eta, Itxaropenakoek harekin egin dute bat. Halako bilketa bat egiten duten lehen aldia da.