08:50 inguruan hasi dira eskabadora kamioitik obretara eramateko lanak egiten. Txarto aparkatutako auto bat tarteko, zirkulazioa gelditu egin behar izan dute enpresako langileek eta horrek gidari baten baino gehiagoren haserrea eragin du, nahiz eta gehienek pazientziaz jokatu duten.
5 minutu inguru behar izan dituzte eskabadora SAPAko zaharberritutako pabiloiaren ondora eramaten eta orduantxe ahal izan dute zirkulazioa bideratu.
Alderik alde
Baina segidan etorri da zailena. Eskabadorak 3 metro zabal zituen eta kalearen aurreko aldera egin duenean, ez atzera ez aurrera geratu da. Alde batean makinaren ipurdiak eta beste aldean ispiluak bazterrak jotzen zituzten eta ezin zitekeen pasa. Eskabadoraren ispiluak erregulatu dituzte lekua irabazteko eta mila maniobra egin ondoren, lortu dute pasaraztea.
Gero kamioia
Haren ondoren etorri da lurrak eramateko kamioia. Hura apur bat estuxeagoa zen, 2,50 metro zabal, baina bañeraren goiko partearen eta ispiluen zabalerak zaildu egin du bidea. Haren gidariak ere nahikoa lan izan ditu maniobrak egiten, baina hura ere eraman dute. Ordubete inguru behar izan dituzte bi makinak obretara eramateko.
Behin eskabadora eta kamioia bertan, egunotan, Gabolatseko zubiaren SAPAko ertzean hasiko dira harekin lanean. Obra buruak esandakoaren arabera, zuloa egin behar dute datozen egunotan.