BIDEOA

Ikusgai da Alberto Ramirezen "arnasaldiak" batzen dituen 'Lerro infinituak' erakusketa

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 11a, 10:12

Urte luzez sortuta eta gordeta zuen obra argitara atera du estreinakoz Alberto Ramirez galeristak, bildumagileak eta artistak. Atzo, barikua, inauguratu zuen Lerro infinituak erakusketa. Ekitaldian, udal ordezkariekin batera, Ramirezen artista izaera goraipatu zuten bestelako artista entzutetsu batzuk ere izan ziren, Bingen de Pedro, Juan Ayesta eta Vicente Iriondo, kasu.

2000ko hamarkadatik hasi eta gaur eguneraino Alberto Ramirezek egindako obrak batzen ditu Lerro Infinituak erakusketak. Gehienak dira koadroak, baina badira eskultura batzuk, Bartzelonan izan zuen Neron katuan inspiratutakoa kasu.

Atzo, barikua, inauguratu zuen erakusketa Soraluzeko galeristak. Hark ohitura du bere obra lehen aldiz Soraluze bere herrian aurkezteko, baina atzokoan, harago joan eta inoiz argitara atera gabe zuen obra bilduma jarri zuen ikusgai.

"Arnasaldiak"

Ramirezek berak esplikatutako moduan, erakusgai jarri dituen margolan horiek berarendako arnasaldiak dira: “Lerro argumentala da bizitzaren lerroa, bizitzeko denbora ateratzea ez dagoen lekutik, arnastu; nik lan hauei arnasaldiak deitzen diet, nire bizitza zorabiagarrian parada egitean ateratzen ditudan momentuak, nire ogibidetik eta galeriatik ateratzen dudan denborako arnasaldiak (…) Ze arrazoi ekonomikoa ez da esistitzen, obraren bat saltzea loteria moduko bat da. Hauxe da gure pasioa eta arrazoia topatzen segitu behar dugu”.

"Sintesi egoera"

Gaineratu zuenez, 2000. urtean egindako obretan dagoeneko atzematen lerroen bitartez “espresatzeko” joera hori, denborak aurrera egin ahala handitzen joan dena, gazteago zenean egiten zituen lan konplikatuagoetatik “sintesi egoerara” iristen ari baita orain.

Lerro batetik bestera

“Adinarekin, indarra gutxitzen doa eta sormenerako denbora ere gutxitzen doa, bizitzaren pisua handitu egiten da. Ez dakit erreitratzen naizenean zer gertatuko den, artea egiten segituko dut, hori bai, nire bizitza mugitzen duena hori baita (…) Orain sintesi egoeran nago. Orain dela 30 urteko argumentua sintetizatzen nabil, akaso nagusitzen joan ahala gauza gutxiago behar ditugulako, superfluoa kendu eta esentziarekin geratu. Eta hori izan daiteke 10 minutuan sortutako lerro batzuk; baina lerro horiek beste batera eraman zaitzakete eta beste batera, hasierarik eta bukaerarik ez duten lerroak dira, bueltarik gabeko bidea da. Eta aitzakia ematen dute aurrera segitzeko eta ez abandonatzeko ze artea gogorra da”.

Artista handia

Atzo, Alberto Ramirezek Oreka Art galerian bat egin zuten artistei eskerrak eman zizkien, berak zituen zalantzen gainetik, eurek animatu baitzuten erakusketa egitera. Bingen de Pedro bergararrak, esaterako, Ramirezen artista izaera goraipatu zuen: “Batzuetan, jarduera bikoitza duzunean, zure kasuan, adibidez, -galerista eta artista- zure bizitza artistikoa eklipsatuta geratzen da. Horregatik zen inportantea Bergaran egin duzun erakusketa eta baita honako hau ere, inguruko lagunek eta soraluzetarrek benetan ikus dezaten egiten duzuna, ez baitzara artista minore bat. Askotan gauzak balioan jarri behar dira”.

Erakusketa hilaren amaierara arte izango da ikusgai, ohiko ordutegian.