Iazko denboraldiaren oso balorazio positiboa eginda abiatuko dute berria Soraluzeko Odol Emaileen elkartekoek. Datutan, 2024an, 189 odol poltsa eraman zituen Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak eta 25 odol emaile berri animatu ziren.
Batik bat azken horri, odol emaile berriak izateari ematen diote garrantzia herriko elkartekoek, hortxe baitago odol ateratzeen etorkizuna. Horrela, 2025ean ere, emaile berri gehiago lortzeko ahalegina egingo dute.
Egutegiak herritarrendako
Horretarako, besteak beste, odol ateratzeen hitzorduekin plastifikatutako poltsikoko egutegiak atera dituzte, ateratzeen egunak gorriz markatuta dituztenak. Udaletxean, Udaltzaingoan, kiroldegian, bi botiketan eta Iratxo goxo-dendan laga dituzte, jendeak har ditzan.
Asmoa dute, baita ere, egutegi hori pintxo-potearen bueltan banatzeko, eta, ohi denez, udaletxeko paretan loneta jarrita zein komunikabideen bitartez ere animatuko dituzte herritarrak odola ematera joan daitezen.
Urtarrilaren 24an lehena
Aurtengo lehen odol ateratzeari dagokionez, berriz, urtarrilaren 24an izango da, 16:30etik 20:10ak bitartean, Itxaropena Erretiratuen Elkartean. Bi modutara hartu ahal izango da txanda: Gotatanta.eus webgunean hitzordua baino bi egun lehenago eta bezperan, eta, telefonoz egunean bertan: 943 00 78 85.