Ohi denez, domekan, Mesedeetako egoiliarrei egingo diete lehen bisita Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek. Haiei opariak eman eta bertan meriendatu ondoren, 19:00etarako jaitsiko dira Atxuri-Errekaldeko iturri aurrera. Gertuan izango dituzte zaldiak eta pajeak zain. Suziak piztu, zaldietan muntatu eta kalez kale abiatuko dira guztiak, bidea gozokiz zipriztinduz.
Eguraldiak lagunduz gero -adituen arabera, haizetsua eta epela izango da- kalejira osoa egingo dute. Hau da, Atxuri-Zubi Nagusia-Kalebarren-Plaza Zaharra-Gabolats-Ezozibideko biribilgunea eta buelta eliz atariraino.
Eliz atarian, opariz betetako zakuak hartu eta ilaran izango diren umeei emango dizkiete. Kabalkadaren antolatzaile Betiprest elkartetik esandakoaren arabera, 600 opari inguru dituzte prest domekarako, inor ez dadin erregalu barik geratu. Eta pozik banatuko dituzte; baina hori bai, azpimarratu dute garrantzitsua dela Erregeendako gutunak eramatea.