Abenduaren 25eko lur-jausiak eragindako arazoak konpondu ezinda dabiltza Mesedeetako Zaharren Egoitzan.
Besteak beste, egoitzako galdara matxuratu egin zen luiziaren ondorioz, eta, ur bero barik geratu ziren. Egunean bertan ura berotzeko sistema alternatibo bat martxan jarri zuen Soraluzeko Udalak, baina Unai Larreategi alkateak esplikatu duenez, haren bitartez ez dute lortu ur-deposituko ura “beharrezko tenperatura egokira” heltzea.
Alkateak gaineratu duenez, eguenean hasiko dira lur-jausia egonkortzeko lanak; hasieran, harriak eta lurra kenduko dituzte, eta galdara libratzen dutenean ahaleginduko dira hura konpontzen.
Berogailuari dagokionez, berriz, alkateak esplikatu du Alkidebatik eraman dituztela batzuk eta zapatuan argindarrak salto egin bazuen ere, oraingoz, martxan dagoela berogailua.
Lur-jausiaren egonkortzeari dagokionez, behin harriak eta lurra erretiratuta egoera aztertu egin beharko dute adituek eta horren araberako planteamendua egin.