Inozentada

Herritar talde batek 'Txakur kaka lehiaketa' antolatu du

Erredakzioa 2024ko abe. 28a, 11:54

Txakurra kaka egiten.

Herritar talde batek Soraluzeko 1ngo Txakur kaka lehiaketa antolatu du. Asmoa da lehiaketa urtarrilaren bigarren hamabostaldian egitea. Sari mamitsuak iragarri dituzte.

Soraluzen txakur kakekin dagoen “mobida” ikusita, herritar talde batek ekimen berritzailea abiatu du: Txakur kaka lehiaketa. “Gure proposamena da arazoari ikuspegi positiboago batetik heltzea, ahal den neurrian, kutsu negatiboa kenduz”, adierazi dute antolatzaileek.  

Dagoeneko prest dituzte lehiaketaren oinarriak. Ondorengoak dira:

  • Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, 2 kaka mokordo edo unitate aurkeztu ahalko ditu.  
  • Kaka unitateek herriko kale batean eginak izan beharko dute eta osorik egon beharko dute, zapaldu gabe.
  • Aurkezteko modua: Lehiaketara aurkeztu nahi den mokordoa identifikatu orduko, udaltzaingora deitu behar da eta lokalizazio zehatza jakinarazi, hauek bertaratu eta taper ofizialean jaso dezaten. Momentu horretan, parte hartzailearen oinarrizko datuak jasoko dira: izen-abizenak, telefonoa, helbidea eta e-posta. Udaltzainek momentu horretan bertaratzerik ez badute, unitatea babesteko materialak eskatu ahalko dira udaltzaingoan bertan: konoak, zinta poliziala, bitrina…
  • Lehiaketan parte hartzeko epea: urtarrilaren 20tik 29ra (biak barne).
  • Parte hartzeko ez da ezer ordaindu beharko.
  • 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute.
  • Bi sari egongo dira eta honela erabakiko dira irabazleak:
    • Sari nagusia antolatzaileek osatutako epaimahaiak aukeratuko du. Horretarako kaka unitatearen  kalitatea eta originaltasuna hartuko dituzte kontuan: tamaina, itxura, kremositatea, usaina...
    • Urtarrilaren 30ean, egun osoz, lehiaketara aurkeztutako kaka unitate guztiak erakusgai jarriko dituzte Plaza Zaharreko karpan, herritarrek Publikoaren Saria aukera dezaten, zuzeneko bozka bidez.
  • Irabazleak nortzuk diren urtarrilaren 30ean bertan jakinaraziko da, arratsaldeko 20:00etan.
  • Saria jasotzeko irabazleei eskatuko zaie lehiaketaren babesleekin argazki bat ateratzeko.
  • Jasotako kaka mokordoak Debabarreneko mankomunitateak eroango ditu, irabazleak izan ezik.

Sariak zein izango diren ere iragarri ditute:

  1. Saria:Zatoz Bidaiak-i esker, opari-kutxa: bi lagunendako gaua eta gosaria Eibarko hotel batean. 
  2. Saria: Ezustekoa. 

Lehiaketak arrakasta izanez gero, antolatzaileek ez dute baztertu aurrerago ekimena zabaltzea “bailarara” edo “Gipuzkoa mailara”.

Kaka garbitzeko boluntario taldea

Kaka Garbitzeko Taldea (KGT) du izena lehiaketa antolatu duen herritar taldeak. Taldea herritar boluntarioek eratu dute eta helburua da “herria txakur kakez garbi izaten laguntzea”. Horretarako, lehiaketaz gain, kaka biltzeko juntadizoak eta beste hainbat ekimen antolatzeko asmoa adierazi dute, “beti ere, giro onean eta ikuspegi positiboarekin”. Oraingoz, taldea bost herritarrek osatzen dute baina etorkizunean gehiago izan nahi lukete, “herriari zerbitzu hobea eman ahal izateko”.  Izena emateko online formularioa sortu dute.