Abel Olaizola abesbatzako kideak azaldu duenez, Oskarbi taldeak proposatu zion abesbatzari elkarrekin kontzertua antolatzea eta Ezoziko Ama abesbatzako kideek gogo onez onartu zuten proposamena. Duela aste batzuk ekin zioten kontzertua prestatzeari eta martitzenean entsegu orokorra egin ostean, dena prest dute urtarrilean elkarrekin taularatzeko. Emanaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude, 7 eurotan, Iratxo goxodendan eta Bibe.me webgunean.
Kanta berriak eta tradiziozkoak
Joxeluix Treku Oskarbi Taldeko kideak aurreratu duenez, emanaldiak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du eta hiru zatitan banatuko da: "Lehenengo zatian Ezoziko Ama abesbatzak kantatuko du, ostean, Oskarbi Taldeak eta azkenik, biok elkarrekin".
Errepertorioari dagokionez, lehenengo zatian, Ezoziko Ama abesbatzak bost kanta kantatuko ditu: Bring Me Little Water, Sylvi, This Little Light of Mine, Zeruan Eder Ilargia, Txoria Txori eta La Llamada. Bigarren zatian, berriz, Oskarbik euskarazko kanta berriak eta tradiziozkoak kantatuko ditu. Joxeluix Treku Oskarbiko kideak azaldu duenez, taldeak bere hamahirugarren diskoa prestatzen dihardu eta emanaldian “oraindik kaleratu gabeko hainbat kantu berri” eta “betiko kanta ezagun batzuk" uztartuz: Trinidadeak, Guek ajutu ez dugu, Oi Pello Pello, Kattalin, Tiriki Tauki, Globo gorri eta Mendira naiz. Amaitzeko, biek elkarrekin hiru kanta interpretatuko dituzte: Soin berriko koplak, Mariñela eta Esperantzari Leiho Bat.
‘Ez dok amairu’-ko gazteenak
Oskarbi Taldeak ibilbide luzea eta oparoa egin du euskal kantagintzaren barruan. 1966an sortu zutenetik, 58 urtean, ia 600 emanaldi eskaini ditu Euskal Herri osoan. Gainera, bere garaian, taldea 'Ez dok Amairu' mugimendu kulturaleko partaide izan zen. "Hasi ginenean, euskal kantagintza berriaren mugimendu hartako gazteenak ginen eta orain, berriz, Benito Lertxundik bere ibilbidea amaitutzat eman eta gero, mugimendu hartatik aktiboan jarraitzen dugun azkenekoak gara", azpimarratu du Joxeluix Trekuk, sorreratik taldeko kide denak. Bera bezala sorreratik taldean dihardutenak dira Iñaki Maritxalar eta Maite Aizkorreta, eta hirurek parte hartuko dute Soraluzeko emanaldian, Manex Iñigo Ibabe eta Maite Aldaregia taldekideekin batera.
Duela 51 urte Soraluze zineman
1973ko azaroaren 24an, gaueko 22:00etan, Oskarbi Taldeak "kantaldia" eskaini zuen eliza ondoko zineman, Soraluzeko Gaztediak antolatuta, Soraluzeko Ametsa ikastolaren alde. "Garai hartan, ohitura zen, kantaldietan talde eta kantariak multzoan programatzea. Hortaz, kontzertu hau izan daiteke Oskarbik bakarka eskaini zuen lehenengoetakoa, lehena ez bada", azaldu du Joxeluix Trekuk.