elkarrizketa

Aitor Gonzalez: “Zeliakiak kaltea eragiten du hesteetan, intolerantziak ez”

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 27a, 09:03

Aitor Gonzalez (Soraluze, 1980) zeliakoa da. Baita bere seme-alabak ere. Gaixotasun zeliakoa heste meharraren estaldurari kalte egiten dion gaixotasun autoimmunea da. Glutena irenstearen aurka gorputzak duen erreakzio batetik dator kalte hori. Glutena zereal batzuek duten proteina da: gariak, espeltak, garagarrak, zekaleak eta oloak. Osasun kalteez gain, buruhauste asko eragiten die horrek, baita gastu ekonomikoa ere.

Zelan jakin zenuen zeliakoa zinela? Noiz?

Orain dela 13 urte, semearen bitartez. Baina lehenago ere, pentsatzen nuen zerbait neukala. Bazkaldu, afaldu ondoren, beti tripako mina, batzuetan botaka… Infusioren bat hartu ostean, batzuetan pasatu egiten zitzaidan baina beste batzuetan gaizki jarraitzen nuen.

Seme-alabei jaiotzatik diagnostikatu zieten?

Urtebeterekin, Eneko (2011) behin lurrean etzanda gelditu zen merienda ostean, tripako min handia zuelako. Beti pentsatu genuen zerbait zuela, ez zuen pisurik hartzen… Egun horretan, larrialdietara joan ginen eta han, zorionez, lanean zebilena digestiboa zen. Umea ikusi eta bere kontsultara eramateko esan zigun. Enekori odola atera eta gastroskopia (Gurutzetan, Bilbon) egin zion. Denak eman zuen positibo. Gero, gurasooi egin zizkigun probak. Nik ere bietan positibo, andreak negatibo. Glutena laga ondoren hasi nintzen konturatzen tripako-minak eta beste guztia hobetu zitzaizkiala. Esan ziguten Euskadiko Zeliakoen Elkartera (EZE) apuntatzeko, zalantzak argitu eta gaiari buruz informazioa lortzeko. EZEk urtero ematen dizkigu liburu batzuk eta han daude ipinita zein produktuk ez duten glutenik, zein jatetxek, umeek zein litxarreria jan ditzaketen… Ainarari ere urtebete zuenean diagnostikatu zioten, baina jaio zenetik egon zen kontrolatuta. 

Elikagai arrunt mordoa ezin dituzue kontsumitu. Zelan moldatzen zarete?

Lehen oso zaila zen. Ez zuten etiketetan alergenoen berri jarri beharrik eta erosketetan bi ordu edo gehiago pasatzen genituen osagaiak irakurtzen. Askotan Mirandara joaten ginen, Mercadonara, han gluten gabeko produktu asko zituzten. Zorionez, orain dela urte batzuetatik hona, dendetako produktu gehienetan jartzen du zein den gluten gabekoa. Soraluzen ere toki batzuetan saltzen dituzte gluten gabeko produktuak.

Prezio aldetik zelan? Baduzue laguntasunen bat?

Urtean, zeliakook gainerakoek baino 1.087 euro gehiago ordaintzen dugu erosketetan (2024ko datuak). Bizkaian, urtean 80 euro ematen dizkiete; Araban ere zerbait; Gipuzkoan zero. 

Etxetik kanpo zelan moldatzen zarete?

Kanpora goazenean, apartamentuk, landetxeak… hartzen ditugu, jatorduak guk prestatzeko. Batzuetan jatetxeetara ere joaten gara. Gaur egun, leku batzuek FACE zigilua dute. Horrek esan nahi du leku horretara “lasai” joan gaitezkeela. 

Eta umeen urtebetetzeak, txangoak-eta?

Lehen oso zaila zen; guretzat berria bazen, imajinatu besteentzat. Guraso batzuk beldurr ziren, ez zekiten zer egin. Kontatzen genien nola egin eta poliki-poliki ulertzen zuten. Beste batzuetan, ogitartekoak etxean prestatu eta urtebetetzeetara eramaten genituen. Eskolako merendoletan-eta ez dugu arazorik izan, beti zuten zerbait nire seme-alabentzat gluten gabeko gailetak, txokolatea… Gailetak eta ogia eraman behar zutenean, berriz, irakasleak denei esplikatzen zien Ainarak eta Enekok ezin dutela jan. Horrela errazagoa izan da. Orain, jaietan, lagunekin afaltzen-edo gelditzen direnean, abisatu egiten digute, guk ogitartekoa prestatu eta eramateko. Herrian oraindik leku batzuetan ez dute zeliakoentzakorik, jaietan gutxiago, edo guk, behintzat, ez dakigu. Dena den, jendeak, poliki-poliki, normaltasunez hartzen du eta orain galdetzen dute bazkariren bat prestatzean zer behar den… 

Zeliakoa eta intolerantea izatea berdina da?

Ez. Zeliakia gaixotasun autoimmunea, glutena hartzeak heste meharra kaltetzen du. Glutenarekiko intolerantziarekin, berriz, hantura edo sabeleko mina bezalako sintomak izan daitezke, baina hesteetan kalterik eragin gabe.