0 KM KOMERTZIOAK

Negabi ileapaindegia: “Gure helburua da herritarrei ahalik eta zerbitzurik osoena eta onena eskaintzea”

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 17a, 17:29

Ainhoa eta Nerea Negabiko ileapaintzaileak.

Abenduaren 3az geroztik, Negabi ile-apaindegian Nerea Gabilondo eta Ainhoa Castillo ile-apaintzaileak dihardute lanean, zerbitzu berritua eskainiz. Goizez Nerea Gabilondok eta arratsaldez Ainhoa Castillok dihardute eta denetariko zerbitzuak eskaintzeaz aparte, luzatu egin dute ile-apaindegiaren ordutegia. Adibidez, orain, Gabonetan, abenduaren 23an zein abenduaren 30ean, bietan izango da zabalik Negabi.

Hortaz, jai-egun handien bezperan ere emango duzue zerbitzua…
Bai, eta ikusten da jendeak nahi duela, ze ia beteta ditugu bi egun horiek. Gure helburua da ahalik eta zerbitzurik osoena eta onena eskaintzea herritarrei. 

Baina oraindik badago txanda hartzerik?
Bai, bai. Nahi duenak deitzeko eta egingo dugu berba. Txandak telefonoz hartzen  ditugu edozein egunetan: 943 75 12 63 edo 620 71 14 81 (Nerea) eta 697 63 61 74 (Ainhoa). 

Izan ere, orain, biak ari zarete Negabin lanean. Ainhoa, zuk eskarmentu luzea duzu ile-apaintzaile modura, ezta?
Ni 18 urtez ibili nintzen Eibarko Edurne ile-apaindegian lanean eta han gehien egiten nuena zen kolorearekin lan egin, baina, denetik landu nuen. Hemen, berriz,11 urte egin ditut. 20 urterekin hasi nintzen ile-apaintzaile modura eta 34 urteko esperientzia daukat.

Nerea, zu, berriz, amatasunagatiko baimenetik zatoz bueltan, nahiz eta zeuk ere esperientzia luzea izan…
Bai. Orain arte umeekin egon naiz, baina aurten, haurreskolan sartu dugu txikiena, bestea eskolan dago eta hartara neu goizetan lanean hasiko naiz. Gustura eta gogotsu etorriko naiz lanera. Hemen 12 urte daramatzat dagoeneko eta lehenago Pedrorekin eta Jean Louis Daviden ibilitakoa naiz; guztira, 20 bat urte daramatzat ile-apaintzaile.

Lantaldeko aldaketez aparte, izango da besterik Negabin?
Bai. Ile-apaindegiari berari ere bueltatxo bat emango diogu. Obra batzuk egin berri ditugu, argiztapena… eta orain margotu eta bestelako detailetxo batzuk jarriko dizkiogu.

Eta zerbitzuei dagokienez?
65 urtetik gorako erretiratuendako zerbitzu berezitua eskaintzen ari gara martitzenetan; eguneroko zerbitzua baino merkeagoa izango da eta egun horretan lehentasuna izango dute erretiratuek. 
Osterantzean, ile-apaindegiaren ordutegia honakoa da: 09:30etik 12:30era eta 15:00etatik 19:00etara; zapatuetan goizez, 09:00etatik 13:00etara. Gure asmoa da urte osoan zabalik izatea, jai-egunetan bakarrik ixtea. Adibidez, orain, Gabonetan ez ezik, abuztu osoan zabalik izan nahi dugu.

Orotara, beraz, zein zerbitzu eskainiko dituzue?
Ile-apaintzailetzan sartzen den guztia. Moztu, kolorea eman, orraztu… Ainhoa, adibidez, kolorearekin oso ona da, tinduak egiten, metxak, brilluak, ilearendako tratamenduak… Eskarmentu luzea dugu biok ile-apaintzaile modura.