Oso gustura dituzu ikasleak zure eskoletan. Zein da sekretua?
Gustatzen zait dantza ematea baina kirol puntu batekin. Hauek eskatzen zidaten izerdi pixka bat ateratzea eta ikusten da horrekin gustura daudela eta gehiago eskatzen dute. Ordubete daukagu eta ordubete horretan ez dira gelditzen.
Dantzarekiko duzun pasioa transmititzen duzulako ere izango da akaso?
Pasioa ez dakit den. Niri erakustea gustatzen zait, dakidan guztia erakustea gustatzen zait eta, pasioa baino, barruan dudan indarra edo energia. Badirudi gustatzen zaiela kaña sartzea.
Ohikoa da hainbeste jende dantzan ikasten?
Nik ez nuen espero. Eurek eskatuta etorri naiz, baina beste herri batetik nator, ez ninduten ezagutzen. Bi klasetik lau izatera pasatu gara eta pila bat eskertzen da.
Zeu Soraluzen zelan?
Ikasleekin-eta gustura; ondo hartu naute, talde bakoitza ezagutzen nabil eta ondo. Aukera hau ematea asko eskertzen dut.
Dantza ikasle asko bai, baina emakumeak gehienak. Hori horrela da leku guztietan?
Bai, tamalez edo ez, horrela da. Hemen mutilak bost bat-edo baditugu, gutxi da, baina beti gertatu izan da horrela. Akaso txikitan ez, baina 10 urterekin-edo mutilek laga egiten dute eta neskek jarraitu egiten dute.
Zer beharko litzateke horri buelta apur bat emateko?
Nik dantza tradizionalaz gainera, koreografia ukitu batekin ematen dut eta gazteei gustatzen zaizkie halako saltsak. Eta nik uste dut sartu beharra dagoela. Hemen, adibidez, apuntatu da nire adineko jendea helduagoekin batera, eta, elkarrekin ari dira euskal dantzak ikasten edo praktikatzen. Kirola egin, baina euskal dantzekin. Edo euskal dantza sustatzeko kirol puntua eman. Hori ere bai.
Beste nonbait ere bazabiltza?
Lehenago Bergarako Musika Eskolan ibili nintzen haur, nerabe eta helduei ematen urtebetez eta gero berriro. Baina ordezkapena zen. Gero hau atera zen, eta orain hemen.
Dantzatik nahiko zenuke bizi?
Bergaran oso gustura egon nintzen eta hemen ere bai. Pena astean birritan bakarrik dela, baina zaila da gehiago lortzea.
Dantzarik gustukoena? Eta zailena?
Bietan dantza soltea.
Non gustatzen zaizu dantzan egitea?
Beti gustatu izan zait oholtza gainean dantzan egitea. Publikoa gustatu egiten zait.
Dantza ikasita, komeni da hori plazara eramatea?
Nik beti animatzen dut jendea. Beti esaten dut, egingo dugu koreografia txiki bat eta plazara eramango dugu. Gustatuz gero, hori atera egin behar da, erakutsi egin behar da eta gehiago euskal dantza, galtzen ari delako, plazaratu egin behar da. Akaso tradizionala jendeak ez du hainbeste ikusten baina euskal dantza pixka bat fusionatzen baduzu, euskal dantza eta koreografiaren bat sortu, jendea konturatzen da zenbat gauza egin daitezkeen euskal dantzako pausoekin.
Zer nahiko zenuke Soraluzeko ikasleekin lortu?
Dantza soltea ikastea. Urtebetean oso zaila da, baina jarraituz gero… Batzuekin ari gara, hori eskatu didate eta gustatzen zaie. Horrekin koreografia bat egin nahiko nuke. Hori oso polita gelditzen da.
Besterik nahi baduzu gaineratu…
Ekainean zeozer egitea aurreikusten da. Txikia, baina oholtza gainera ateratzeko zeozer prestatuko dugu.