Irailaren amaieran abiatu zen plaza-dantzen ikastaroa kiroldegian, Urrats Dantza Taldearen ekimenez, eta bi hilabeteko jardunaren ostean, 47 herritarrek dihardute asteroko dantza eskoletan parte hartzen. Adirane Peñagarikano urretxuar dantzari gaztea dute irakasle eta, hark gidatuta, astean ordubetez, plazan dantzatu ohi diren euskal dantzak ikasi eta praktikatzen dihardute: fandango eta arin-arinak, banangoa, jauzi-dantzak, polkak, inauteri dantzak, Axuri Beltza, Altsasu eta abar.
Lau talde, bi mailatan
Parte-hartzaile kopurua dela eta lau talde osatu dituzte, bi mailatan banatuta: “hasierako maila, oinarrizko pausoak ikasten dihardutenei zuzenduta dago eta maila aurreratua, berriz, ezagutza handixeagoa dutenentzako da”. Eskolak, asteazken eta ostegunetan izaten dira Antzokian. 19:00etatik 20:00etara bitartean, hasierako mailakoek jarduten dute eta 20:00etatik 21:00etara, berriz, maila aurreratukoek. Parte-hartzaile bakoitza hautatu duen taldeari dagokion egun eta orduan joaten da, baina arautegia malgua da eta, behar izanez gero, ikasleek aukera dute edozein egunetan joateko.
Formatu erakargarria
Urrats Dantza Taldeko arduradunen ustez, hainbat arrazoi daude ikastaroak herritarren aldetik izan duen harrera ona azaltzeko: "plazako dantza arruntak erakustea irakasle profesional baten laguntzaz, ariketa fisikoan azpimarra jartzea eta dantza kiroldegiko gainerako ikastaroen formato berean eskaintzea, ikasturte osoan".
Urratsekoen iritziz, emaitzak erakusten du jendeari eskaintza “erakargarria” eginez gero, jendeak “erantzun” egiten duela. Etorkizunean ere, gaiaren inguruko “gogoeta” egiten eta formatu berriak esploratzen jarraitzeko asmoa adierazi dute, beti ere, helburu nagusiak gogoan hartuta: "euskal dantzak transmititzea eta urtean zeharreko dantzako hitzorduetan plazan elkarrekin dantza egitea”.
Gaztañerretako erromerian bizitakoa aipatu dute ikastaroak plazara ekar dezakeen bultzadaren adibide modura: "karpako erromerian dozenaka pertsona fandango eta arin-arina dantzatzen ikustea ederra izan da. Hain zuzen, horixe da ikastaroaren helburua, urtean zehar herrian ditugun dantza hitzorduak indartzea, esaterako: Euskal Aratusteetakoa martxoan, Ezoziko Erromerixa Egunekoa ekainean, Santiago Santa Ana jaietakoa uztailean eta asmatuko ditugunak".
Izen-ematea zabalik
Ikastaroan izena emateko aukera zabalik dago ikasturte osoan. Hileko kuota 18 eurokoa da eta izena emateko bi bide daude: online fitxa betetzea edo bestela 605706086 telefonora idaztea.