Literatura, musika eta zinema merkeago, Kultura Bonuen bitartez

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 12a, 11:40

Soraluzen ere eskuragarri daude Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratutako Kultura Bonuak. Haien bitartez, literaturarekin, musikarekin eta zinemarekin lotutako produktuak erostean beherapena eskuratzen da. 20 eurotik gorako gastua eginez gero, euskarazko produktuak erostearren 12 euroko beherapena lortzen da eta erdarazko produktuengatik, 8 eurokoa. Soraluzen, Iratxo Goxo-denda eta Sara Estankoa atxiki dira ekimenera.

Nobelak, ipuinak, DVDak, euskarazko jolasak… merkeago erosteko aukera ematen dute Diputazioaren Kultura Bonuek. Aurtengo kanpaina abian da urtarrilaren 31ra bitartean. Gipuzkoan, 8.661 bonu atera dituzte eta 71 establezimendu ari dira ekimenean parte hartzen, tartean, Soraluzeko Iratxo Goxo-denda eta Sara Estankoa.

Bi saltoki horietan,  20 eurotik gorako erosketa eginda, 12 euro beherapena eskura daiteke euskarazko produktuak erosteagatik eta 8 eurokoa beste hizkuntzetako produktuak erosteagatik. Kanpainan sartzen diren produktuak dira literaturarekin, musikarekin eta zinemarekin zerikusia dutenak (testuliburuak, ikasketetakoak edo profesionalak izan ezik).
Pertsona bakoitzak nahi beste bonu erabil ditzake, bi saltoki horietan dauden guztiak agortu arte edo urtarrilaren 31ra bitartean.
Ekimenaren helburua da herritarrei kultura-ondasunak eta -produktuak eskuratzen laguntzea eta kultura-arloko enpresak indartzen laguntzea. 

HEMEN KLIKATUTA ikusgai Kultura Bonuetan parte hartzen ari diren Gipuzkoako establezimenduen mapa.