Izenburu graziosoa du Ai gure juaneteak lanak, baina antzezlanak sakontasunetik du gehiago, ezta?
Batzuentzat ematen du graziosoa dela, baina berez izenburua dator Mikel Laboaren kanta batetik, Ai nire juaneteak. Mikel Laboaren kantak ezagutzen ez dituenak pentsa dezake akaso komediatik doala baina kasu honetan, edukia ez da komedia bat, inondik inora.
Gogoetak, aitortzak, kritika, autokritika… barnebiltzen baititu bere baitan, ezta?
Bai, autobegirada bat, biluzte bat, gehiago hausnarketa… Mikel Laboaren kantak, orain dela 50 urte idatzi zirenak eta ikasi genituenak hartu orain eta 50 urte pasa eta gero begiratu denborak zelako eragina izan duen ez hain zuzen kantetan baizik eta norberarengan, kasu honetan nigan. Zenbateraino aldatu naizen ni eta zenbateraino orain beste modu batera edo beste ikuspuntu batetik interpretatzen edo sentitzen ditudan
Kantu horien bitartez, ze azpigai lantzen dituzu?
Ikuskizunak ia-ia musika jaialdi baten egitura dauka. Mikel Laboaren 12 kantetatik abiatu eta kanta bakoitzak bide batera eta toki batera eramaten gaitu. Gaiak oso desberdinak dira kantaren arabera, baina oro har eta laburbilduz, bi gai nagusi jorratzen ditu; alde batetik, alde intimoa, hau da, norbera, indibiduoa, ni neu eta gizartean ikusten ditudan ni bezalako beste hainbaten egoera, eta, gaur egun nola sentitzen garen intimoki eta emozionalki; eta, beste alde batetik, gizartea nik nola ikusten dudan eta nola aldatu den eta nola bilakatu den 50 urte hauetan. Batzuk dira intimoak eta beste batzuk sozialak, Mikel Laboaren kantak moduan. Mikel Laboak baditu kanta batzuk oso-oso intimoak, oso poetikoak oso barnekoiak, adibidez, Lili bat, Ez nau izutzen negu hurbilak… eta beste batzuk oso-oso sozialak eta oso politikoak. Nik gauza bera egiten dut gaur egungo nire ikuspuntua eta nire begirada emanez.
Zergatik Laboa?
Identifikatuta sentitzen naizelako, klasiko bat, totem bat delako eta euskal musikan mitorik baldin badago, hori Mikel Laboa da. Beste kultura batzuetan Shakespeare, Cervantes, Goethe edo Walt Whitman hartzen duten moduan, nik hartzen dut gure ikurra, mito horietako bat, seguru aski, kulturan eta musikan nagusiena, eta hori erabiltzen dut. Ondarea ere bada, eta jendeak, oro har, denok ezagutzen ditugu Mikel Laboaren kanta gehienak. Iturria denok oso ondo ezagutzen dugu, klasiko bat da eta klasikoak, neurri handi batean, horretarako ere badaude: berrirakurtzeko, ikuspuntu klasikoetatik ikuspuntu berrietara abiatzeko.
Hitzarekin batera musika, prosarekin batera poesia… zelan uztartuko da hori guztia taula gainean?
Ikuskizun oso hibridoa da. Antzerkia bada, baina musika ikuskizuna ere bada. Atal bakoitza tema musikal bat da. Horren barruan hitza dago, literatura, antzerkia eta batez ere, musika. Oso musikala da. Konposaketa musikal berezi propioa dago horretarako eginda, Adrian Garcia de los Ojos-ek egindakoa, musikariak daude zuzenean, eta neu ere, aktore egiteaz gain, musikari ere ibiltzen naiz ikuskizunean.
Zumetaren koloreak ere lagun izango dituzue, ezta?
Bai. Antzerkia da. Eszenografia bat dago. Pertsonaiek itxura bat agertzen dute eta horietan guztietan saiatu gara, musikan eta poesian saiatu garen bezala Mikel Laboaren iturritik edaten, estetikatik Zumetaren iturritik edaten saiatu gara.
Jokin Oregi soraluzetarra ere bada tartean…
Bai. Antzezlanaren zuzendari izan da, bere begietatik egin dugu eszenaratzea, arlo bisuala eta arlo eszenikoa bere esku joan da.
Aurten estreinatu duzu Ai gure juaneteak lana; orain arteko ibilbidean zelako harrera izan du?
Hori galdetzen duzunean, inork ez dizu esango harrera txarra eduki duenik. Nik ere ez dizut esango, gainera, gezurra esango nukeelako. Oso pozik gaude, alde batetik, jendea nahiko harrituta geratzen da espero ez den zerbait eskaintzen dugulako, ohikoa ez den ikuskizuna delako. Guk emanaldiaren ostean liburua eskaintzen dugu salgai, audio liburua da, musika ere barne dago eta nahiko kuriosoa da, ze ikusleen portzentaje handi batek, 100 pertsona joaten badira, adibidez, 25-30 liburu saltzen ditugu eta horrek esan nahi du berebiziko interesa pizten duela esaten denak, ikusten denak eta nik uste dut oso erantzun beroa jasotzen dugula.
Besterik nahi baduzu gaineratu…
Antzerkian eta halako gauzetan, horretaz hitz egitea baino nahiago dut jendeak ikuskizuna ikustea, orduan espresatzen dugu guk sinez kontatu nahi duguna, beraz, animatu jendea antzokira, ez zaiolako damutuko inolaz ere.