Gutuna

"Deba ibaian irudi lotsagarria"

Mauri Muro 2024ko abe. 6a, 09:01

Abarrak ibai ertzean. Argazkia: Mauri Muro.

Osintxu-Soraluze muga inguruan, ibaiko zona batean, adarrak, enborrak… pilatuta ikusten dihardut hainbat hilabetetan. Bidegorritik egunero paseatzean, etxera egundoko haserrearekin ailegatzen naiz. Ibaiaren garbiketari buruzko hitzaldiak, presei buruzkoak… baina egunero utzikeria hori (zona gehiagotan ere bai).

Egunotan ari gara ikusten DANAk Valentziako erkidegoan eragin dituen txikizioak eta nire haserrea handitu egiten da, are gehiago 220 pertsona baino gehiago hil egin direnean ubideak beharrezko baldintzetan ez izateagatik eta Valentziako erkidegoko presidente Mazonen (PP) inkonpetentziarengatik. Orain errua beste norbaitena da eta abar. Aurpegi gogorra behar da eta lotsagabe hutsak izan.

Orain, nire buruari galdetzen diot: Euskadin, eta zehazki, Debabarrenean eta Debagoienean halako gertakari bat emango balitz, hildakoekin eta halako txikizioarekin, zeinena izango litzateke ardura? Diputazioarena? URA Agentziarena?

DANAk (tanta hotzak) kontrolatzeko zailak dira, baina argazkian ikusten den kaka piloa bai kontrola daiteke garbiketa batekin, zezenak harrapatu baino lehen, hartara, kalteak txikiagoak izango lirateke. Udalak gaiari buruz berba egin beharko luke esandako bi erakundeekin eta neurriak hartu ahalik eta lasterren garbitzeko.​​​​​​​