Zelatan zabiltza kondor bat egiten?
Lanzaroteko diseinatzaile bat ezagutu nuen. Berak lan egiten du animaliak dituen Rancho Texas parke tematikoan. Akuaparka, espektakuluak… ere baditu. Nahi zuten parkean kondor andino baten erreplika erakutsi eta niri eman zidan enkargua. Bi hilabete daramat hura lantzen, abenduan bukatuko dut. Material mordoaz egina dago, egurra, metala, erretxina, zuntza, engranajeak, margoak, igeltsua, soldatu egin dut…
Ofizio piloa dago hor.
Denetik egiten dut.
Kondorraren eredua nondik hartu duzu?
Parkeko albaitariek eman zidaten kondorraren ezaugarrien, fisionomiaren… berri, datuekin zein argazkiekin. Beste dena nik egin dut.
Kondorraz aparte, bestelakorik egin duzu Lanzaroten?
Bi furgoneta kanperizatu, Cesar Manriqueren museoko fatxada konpondu, pare bat etxetan konponketak, surfeko eskolak… Orain, ingeles batek nire koadroetako bat nahi du eta artista italiano batek, berriz, kolaborazio bat, sumendiei buruzko proiektu batean. Hiru dimentsiotako obra bat izango da. Bestela, nire kontura egiten ditut gauza gehienak. Erreminta daukat eta lan ugari dago. Artelanetan ere errazago ikusten dut. Bost hilabetean saldu dut koadro bat, kondor bat eta proiektu hau irten zait. Bestalde, hango kabildoari -udalari- kondorraren lana erakutsi nion; han dago putre bat bertakoa, sai zuria -guirre-; bat egin nahi dut udalarendako. Kultura kontsumitzeko bastante ohitura dago.
Baina zelan bukatu duzu han?
Joan nintzen surfeko eskolak ematera, Zarauzko lagun bati deitu zioten eta hark niri. Urteak daramatzat surfa afizio modura izaten.
Noiz arte segituko duzu Lanzaroten?
Hiru hilabeterako joan nintzen eta han nago. Irailera arte, berez. Topatu dut etxe bat alokairuan, eskuragarri, eta oraingoz han geratuko naiz.
Eta gero?
Errealista naiz. Artelanetatik bizitzea ez dut horren erraza ikusten, baina lanak irteten direnean, gustura egiten ditut eta ongi etorri. Dena den, furgonetak muntatzea eta etxeko konponketak egitea gustuko dut. Nire kabuz lan egitea dut gustuko.
Noiztik egiten dituzu artelanak?
Gaztetatik gustatzen zait espresioa, margotzea, musika… barneko komunikazioa. Uste dut denok dugula hori; triste, haserre… bazaude entzuten duzu musika bat edo beste bat. Beti gustatu izan zait gauzak sortzea, etortzen zaizkidan ideiak garatzea. Bestalde, horrenbeste gauza lantzen ditudanez, akaso ez naiz aditu izango gauza bakar batean; denetik ukitzen dut eta teknika desberdinak nahasten ditut. Baina azkenean, konturatzen zara dena dela antzerakoa. Nire kontura ikasi dut, kuriosoa naizelako. Kuriositateak erakartzen banau, sakondu egiten dut.
Soraluzen, non egiten duzu lan?
Lokal txikitxo bat daukat. Erreminta daukat eta makinak egiten ditut, adibidez, debastadore bat egur xaflak fintzeko. Fresatzaile bat moldatu nuen horretarako. Merkatuan 40.000 euro kosta dezake halako batek.
Zelan eskura daitezke zure lanak?
Instagram bitartez mezua bidalita. @txurtart da helbidea.
Eta musikaria ere bazara, ezta?
Hobby moduan. 14 urte nituenean, gaztetxeko beheko solairuan jendea ibiltzen zen jotzen eta arreta eman zidan. Baxu batekin hasi nintzen, baina gero, Bergarako lagun batzuekin hasi nintzen, haiek esan zidaten gitarra jotzeko eta orduan gitarrarekin Dena nire kabuz ikasi dut.