Garaguneko erabiltzaileek egindako apaingarriak eskuratzeko aukera

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 4a, 12:18

Bihar, eguena, Bergarako Garagune Fundazioko erabiltzaileek eurek egindako Gabonetako apaingarriekin saltokia ipiniko dute Kontzejupean. 10:30etik 13:00ak ingurura arte izango dira bertan, eskulanak saltzeaz aparte, Garagune Fundazioaren egitekoa soraluzetarrekin partekatzen. 

Bihar goizean, denetariko apaingarriak ekarriko dituzte Bergarako Garagune Fundaziotik Soraluzen jarriko duten postura: “Kandela usaindunak, argidun zuhaitzak, kristalezko botilak, zuhaitzetarako bolak, izarrak, artilezko ponpoiak, ipotxak… hainbat gauza eramango ditugu eta hortxe egongo gara herritarrei gure lanak erakusten eta jendeak Garagunea ezagutu dezan, bertan zer egiten dugun eta zer pertsona dagoen”. 

Kontzejupean jarriko dute postua, 10:30etik 13:00ak bitartean eta besteak beste, Garaguneren Soraluzeko bi erabiltzaile izango dira bertan; izan ere, Soraluzetik Bergarako Garagune Fundaziora bideratzen dira erabiltzaileak.

Eguneko arreta zerbitzuak

Garagune Fundazioa “interes sozial, pribatu eta irabazi-asmorik gabeko erakundea” da, “adimen-desgaitasuna duten helduei eguneko arreta-zerbitzuak eskaintzen” diena. “Helburua kalitate-programak eskaintzea da, adimen-desgaitasuna duten pertsonek bizitza aberatsa izan dezaten”. Garaguneren programa guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuarekin itunduta daude. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.