Ana Zubiaurre: "Nik uste dut eta espero dut nire plaza bete egingo dela"

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 3a, 14:51

Ana Zubiaurre.

Ana Zubiaurrek (Eibar, 1960) abenduaren 9an hartuko du erretiroa, Soraluzeko anbulatorioan 16 urtez lan egin ondoren. Ermuan egon zen lehenago, baita Labastidan, Aretxabaletan eta beste hainbat lekutan ere.

Gustura hartuko duzu erretiroa?
Behin erabakia hartuta, gogotsu nago. Baina era berean, nik gustura egin dut lan, nire lanbidea eta lana gustatzen zait eta bertigo apur bat ere ematen du egunero jaiki beharrik ez izateak, eguneroko laneko errutina ez izateak. Seguru topatuko dudala gauza mordoa egiteko tartea. Baina aldaketa handia da. Nik beti izan dut mugimendu handia eta bat-batean hori ez dut izango. Beti esaten da erretiratuek ez dutela astirik ezertarako, beraz…

Zer da egingo duzun lehen gauza?
Bidaiatu. Dena dut antolatuta. Txile-Argentinara goaz. Nire ametsa hori izan da beti, urte batean bi uda izatea. Urte asko daramatzagu senarrak eta biok beste bikote batekin bidaiatzen eta denak daude erretiratuta ni kenduta. Nire zain zeuden bidaia hori egiteko.

Ze oroitzapen eramango dituzu Soraluzetik?
Asko, eta, batik bat ikusi dudana da zentro honetan langileen artean oso harreman ona izan dugula. Oso gustura egon naiz nire lankideekin eta hori beti da positiboa. Hemen kafea hartzen dugu elkarrekin medikuok, erizainek, administratiboek… Horrez aparte, pertsona askorekin akordatuko naiz.

Osterantzean, zelako gaixoak tokatu zaizkizu?
Denetarikoak. Asko bakarrik etorri dira beharra izan duenean, beste batzuk edozein molestiarekin segituan etorri dira, baina orokorrean, jende errespetuzkoa eta eskerronekoa.

Azken urteotan igarri duzu aldaketa nabarmenik?
Bai. Hona etorri ginenean hau zen apur bat “basatia”. Aurrekoek hitzordu barik etortzen zirenak ere artatzen zituzten, pazienteak medikuaren kontsultara sartzen ziren medikua irten arte itxaron barik, itxarongela kaotikoa zen, jendea eskaileretan ere egoten zen eserita. Guk hori guztia antolatu egin genuen. Kostatu zitzaigun baina nik uste dut hor hobera egin zuela zentroak. Horrez aparte, pandemiatik asko aldatu da. Telefono bidezko kontsultak bultzatu ziren eta niri horrek angustia eragiten dit, gaixoa ikusi barik botikak errezetatzea. 

Zer du ona anbulatorio honek?
Tamaina aproposa dauka, ondo dago.

Zer beharko luke hobea izateko?
Urgentziak artatzeko gela bat kota zeroan.

Horrenbeste urteren ondoren, zein anekdota datorkizu burura?
Batzuk sarri errepikatzen dira: deitzen dute norbait mareatu egin dela abisatzeko, baina inork ez dizu esaten zein den eta guk hemen herritar guztien informazioa dugu lagungarri izan daitekeena. Askotan irteten gara larrialdi bat artatzera ezer ere ez jakin gabe. Nik uste dut guri abisatzen digutela sarri zentroa oso eskuragarri dagoelako, herriaren erdi-erdian.

Urtebetean aldaketa asko ari dira izaten hemen, Lourdes Letona joan zen, Amaia Muniain, orain zu… aldaketa garaia dator ala egonkortuko da?
Aldaketak izango dira, baina nik uste dut zentro honetara jendea badatorrela lanera eta gelditu egin nahi duela. Plaza bat ez da inoiz hutsik geratu eta hori inportantea da, zentro batzuetan hutsik gelditzen dira. Nik uste dut nire plaza bete egingo dela. Nik uste dut eta espero dut nire plaza bete egingo dela. Edozelan ere, erizaintza-taldea egonkorra eta ona da eta horrek ere asko eragiten du eta segurtasuna ematen du.

Beste zerbait nahi baduzu gaineratu…
Udaleko zerbitzu sozialekin dugun harreman ona nabarmenduko nuke, hori eskertzekoa da; nire ustez bentaja da. Goazen Soraluze jarduera fisikoa bultzatzeko ekimena ere garrantzitsua iruditzen zait eta zentro hau izatea horretarako erreferentziazkoa ere bai. Eta esan, baita ere, zerbait aldarrikatu behar izan dugunean, erretiratuak, pentsiodunen mugimendukoak hortxe izan ditugula, guri laguntzen, hori ere eskertzekoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.