Atzo, 70 herritar inguruk elkarretaratze isilean gaitzetsi zuten zapatuan, azaroaren 30ean Pasaian emakume bat erail izana. Soraluzeko Udalak, besteak beste, jakinarazi zuen “2003tik hona 126 emakume eta 12 adingabe hil” dituela “indarkeria matxistak Euskal Herrian eta horrek adierazten” duela “ez dela ekintza isolatu bat, arazo estruktural bat baizik”.
Soraluzeko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu zuen zapatuko hilketa matxista gaitzetsi eta herritarrak protesta egitera deitzeko.
Adierazpenean, besteak beste, gogorarazi zuen “heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino erakusten ez dutela eta horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean dagoela”. Horrekin batera, “nabarmendu” zuen “arazo hau ez dela emakumeena bakarrik, gizarte osoarena baizik eta horregatik, dei egiten dio gizarteari berdintasuna lortzeko borrokan elkarrekin ekitera”.