Denetariko ekitaldiak Paella Solidarioaren bueltan

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 29a, 18:25

Bihar, zapatua, eguerdian hasi eta iluntzera arte, denetariko ekitaldiak izango dira Plaza Zaharrean, Paella Solidarioaren bueltan. Txistulariak, umeendako gaztelu puzgarria, margo eta marrazki tailerra, musika, paella, opari zozketa eta musika gehiago izango dira, besteak beste. Oraingoz, 80 txartel saldu dira paellarako baina gaur eta bihar ere bada erosteko aukera.

Bihar, zapatua, txistularien doinuek zabalduko dute Paella Solidarioaren bueltako egitaraua, eguerdi aldera; inguru horretantxe hasiko dira paella prestatzen eta ordurako ere prest izango da umeendako eskaintza. 

Umeendako eskaintza

Batzoki ondoan, VIVA eventos Bergarako enpresaren eskutik, gaztelu puzgarri txiki bat izango da 10 urtera bitarteko umeendako eta baita bi tailer ere, bata marrazteko eta bestea aurpegiak margotzeko. Kasu guztietan, prezio sinbolikoa izango dute.

Karpan, berriz, garagardo-stand-a izango da eta paella 14:30erako prest izango dute, orduantxe eseriko baitira mahaiaren bueltan Paella Solidarioan parte hartuko dutenak. Gorka Alberdi ekimenaren antolatzaileak esan duenez, oraingoz, 80 txartel saldu dituzte. Edozelan ere, gaur eta bihar ere bada erosteko aukera. 13 euro da prezioa.

Opari "oso onak"

Paella prestatzeko, Alberdik esan duenez, Batzokiak zein Bizikaleko hainbat kidek dirua eman dute elikagaiak erosteko; ogia, berri, Mendizabalek jarriko du prezio berezian eta postrea Galletia izeneko enpresak emango du.

Eta bazkalostea ere girotuko du Alberdik. Jakinarazi duenez, paellako txartelaren zenbakiarekin, partaideek hainbat opariren zozketan parte hartuko dute, “oso onak”, adibidez, futboleko jokalarien kamisetak.  

Hortik aurrera musika izango da iluntze-gaua girotzeko, DJ APAren eta DJ Anderraren eskutik.