Gaur eramango dute laguntzaz betetako hirugarren furgoneta Chivara

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 29a, 09:35

Gaur, barikua, arratsaldean abiatuko dira Soraluzetik Valentziara, DANAk kaltetutako Chivako herritarrentzat Soraluzen batutako gauzak eramatera. Oraingoan, GOL lantegiak ordainduko die furgonetaren alokairua Ibai Kortabarriari eta Ione Errastiri. Oraingoz, azkeneko laguntasun-furgoneta eramango dute bi soraluzetarrek, baina Chivako lagunekin kontaktuan” segituko dute “honek luzerako joko du-eta”.

Hirugarren bidaia honetan arropak, oinetakoak –umeenak zein nagusienak-, fardelak eta elikagaiak eramango dituzte Chivara Ibai Kortabarriak eta Ione Errastik. Soraluzen batutako laguntasunarekin eramango duten hirugarren furgoneta da, joan den asteburuan, Feli Oregik eta Jon Garmendiak eraman baitzuten bigarrena.

Egoitzara, jatorduetara...

Chivan, El Torico de la Cuerda zezenzale taldearen bitartez ari dira eramandako laguntasuna banatzen. “Adibidez, aurreko aldian, ondoko herriko egoitzara eraman genituen fardelak, maskarak, esneak eta garbiketarako produktuak. Osterantzean, norbanakoei ari dira laguntzen. Adibidez, garbiketa lanak egiten ari direnei jatorduak ematen ari dira emandako elikagaiekin”, kontatu du Ibai Kortabarriak.

Hark azpimarratu du Valentzian jasan duten kaltea irudikatzen duguna baino handiagoa dela, “gauza asko irudikatzen dituzu, baina behin bertara ailegatu eta errealitatea ikusten duzunean… buf! Adibidez, dago auzo bat oso-osorik bota beharko dutela seguru aski. Imajinatu, da Gabolats moduko auzo bat. Eta bertako etxeei eraikinaren erdia falta zaie, ibai aldera zeuden zatiak ez dira existitzen, nahiz eta kale aldera dauden etxeen zatiak osorik egon; beste etxe asko azpitik hutsik daude…”.

Aurrerago berriro

Gaur, 15:00-16:00ak aldera abiatuko dira bi lagunak Chivarantz eta azken laguntasuna eramanda, atseden hartu eta aurrera begira jarriko dira: “Guk hangoekin kontaktuan segituko dugu. Ze honek luzerako joko du, etxe baik dago jendea. Gauza gehiago behar badituzte, ba zabalduko dugu laguntza batzeko beste deialdi bat eta eramango dugu batutakoa”.