0 KM KOMERTZIOAK

Guztia prest Gabonetako azokarako

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 28a, 11:04

Bizikaleko Ainhoa Ibarzabal (Mapfre), Ione Blanco (Bianca) eta Maite Dominguez (Triskel) Gabonetako azokaren kartelarekin, gaur goizean.

Bihar, barikua, goizetik iluntzera arte herriko zortzi saltokik Plaza Zaharreko karpara eramango dute euren eskaintza, Bizikalek antolatutako Gabonetako azokarako. Izango dira jantziak, bitxiak, gozoak, apaingarriak, kremak… ikusi eta erosteko aukera, 10:00etatik 20:00ak arte. Amaieran, 25 euroko lau erosketa bonu zozketatuko dituzte erosleen artean.

Egunotan, azken lanak egiten ari dira bihar dena prest izan dadin Bizikaleren Gabonetako Azokarako. Zortzi saltoki izango dira partaide: Triskel, Criado fruta-denda, Likai estetika zentroa, Kooperatiba, Bianka, Iratxo goxo denda, Belarrak eta Autoservicio Amparo.

10:00etarako ipinita izango dituzte postuak eta 20:00ak arte, eten barik izango dira karpapean. Erosketa bakoitzeko 25 euroko lau bonuren zozketarako txartela jasoko dute erosleek opari eta azokaren amaieran jakinaraziko dituzte irabazleak, baina aurten ez da bertan egon beharrik izango bonua eskuratzeko, telefonoz abisatuko baitiete.