Pozik daude Kontrargi Argazkilari Kolektiboko kideak aurtengo Argazki Rallyak izandako partaidetzarekin. Haize bortitzarekin eta alertarekin esnatu zen eguna eta horrek zenbait zalantza sortu zituen Soraluzera etortzeko asmoa zuten zenbait argazkilariren artean.
Hala ere, animatu ziren eta azkenean, 49 argazkilari izan ziren lehiakide. Etorri ziren Bizkaitik, Lumotik, Apatamonasteriotik, Zallatik, Durangotik, Barakaldotik, Gernikatik eta Ondarroatik; eta Gipuzkoatik, Azpeititik, Beasaindik, Donostiatik, Lazkaotik, Tolosatik, Berrobitik, Hernanitik, Eibartik, Zestoatik, Arroa-goiatik, Legazpitik, Urretxutik, Bergaratik, Ordiziatik, Arrasatetik, Zarauztik, Idiazabaldik eta Soraluzetik.
Gaiak denetarikoak
Goizean, izena emateaz bat jakin zituzten argazkietan landu beharreko gaiak: Burdin hesiak edo sareak (balkoiak, leihoak…); Hiru berdinak; Olako presa edo inguruak; Udazken koloreak eta Blues Hotsak (12:00etatik aurrera).
Argazkilariek 13:30ak arte izan zuten argazkiak ateratzeko denbora, tartean, Txokoan hamarretako eta guzti. Besteak beste, gogotsu jardun zuten Etxaburuetan zuzenekoa jo zuen Fake Cousins taldeari argazkiak ateratzen, Blues Hotsak gaiari begira.
Bada, bariku honetan jakingo dute zeintzuk izan diren argazkilari iaioenak. Kontrargiko kideek 17:00etan egin dute sari banaketarako hitzordua, Etxaburuetako euren lokalean. Bost sari izango dira:
- 120 euro eta garaikurra lehen multzorik onenarendako.
- 90 euro eta saria bigarren onenarendako.
- 70 euro eta saria hirugarrenarendako.
- 70 euro eta saria herriko onenarendako.
- 50 euroko bonua gazte onenarendako.