Gozaldia: Umorezko bakarrizketak, tailerrak eta kantu-jira Euskararen Egunaren bueltan

Egoitz Unamuno 2024ko aza. 27a, 10:00

Barikuan Asier Galarza umoregilea izango da Gaztetxean, Jokin Ansotegirekin batera. Argazkia: Algaraka bakarrizketa lehiaketan.

Herriko hainbat eragilek Gozaldia izeneko egitaraua prestatu dute Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltako egunak girotzeko eta Euskaraldia iragartzeko. Besteak beste, umorezko bakarrizketa saioa, umeentzako tailerrak eta kantu jira egingo dituzte barikuan hasi eta martitzenera bitartean.   

Datorren martitzenean izango den Euskararen Nazioarteko Eguna girotze aldera, datozen egunetan, hainbat kultur ekitaldi egingo dira herrian, Gozaldia izenburupean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euskarazko kultur emanaldiekin herria girotzearekin batera, gogorarazi nahi dute maiatzean Euskaraldia egingo dela. Bide batez, jakinarazi dute, dagoeneko Soraluzek eman duela izena eta osatua dagoela herrian berau dinamizatuko duen talde eragilea (Pil-pilean + Udala).  
 

Bakarrizketa, tailerrak, kantu-jira...

Hasteko, bariku iluntzean, umorezko bakarrizketa saioa egingo dute Asier Galarza eta Jokin Ansotegi umoregileekin, Gaztetxean. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta antolatzaileek jakinarazi dute barra zabalik izateaz gain, kalefakzioa ere piztuta izango dela.
 
Domekan, berriz, goizeko 11:00etatik aurrera, batez ere, ume eta gaztexoei zuzendutako talo, txapa eta aurpegia margotzeko tailerrak eskainiko dituzte dira Plaza Zaharreko karpan. Gainera, eguerdiko 12:30etik aurrera, musika emanaldia izango da DJ Mikeltxirekin etxeko txikienen gozagarri.
 
Azkenik, martitzen eguerdian, 12:00etan, Plaentxia Kantuan taldea kalez kale aterako da kantura eta arratsaldean, 17:30ean hasita, Urrats dantza taldeko ume eta gaztetxoek dantza saioa eskainiko dute Mesedeetako Amaren Egoitzan.
 
Horrez gain, Gozaldiaren barruan beste hainbat ekimen ere egingo dituzte: herrian zehar dauden argindar kutxak margotuko dituzte Gaztelekukoek, euskal erreferenteen irudi eta esaldi garrantzitsuekin, eta ospakizunak egingo dituzte eskolan, institutuan, Egoitzan eta Eguneko Zentroan.
 

Hainbat eragile elkarlanean

Gozaldiaren egitaraua herriko hainbat eragilek prestatu dute elkarlanean: Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea, Galtzagorriak jai batzordea, Soraluzeko Udala, Kukumixo aisialdi taldea, Gaztelekua, Atxolin guraso elkartea, Plaentxia Kantuan, Urrats dantza taldea, Mesedeetako Amaren Egoitza, Eguneko Zentroa eta Plaentxi Eskola.