Herritar askok egin zuten bat indarkeria matxista gaitzesteko protestarekin

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 26a, 09:26

Elkarretaratze jendetsua izan zen atzo, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. 100 herritar inguru elkartu ziren Plaza Barrixan, udal ordezkariak ere tarteko. Isilik, Emakumeen aurkako indarkeriari ez zioen pankartaren bitartez salatu zuten indarkeria matxista. Lehenago, Soraluzeko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu zuen alderdi guztien batasunarekin, “indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean gaitzespen irmoa” erakutsiz, eta, arreta jarrita “indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan”.  

Soraluzeko Udalak kaleratutako adierazpenean, azpimarra jarri zuten “indarkeria matxistaren alderdi desberdinak” identifikatzen segitu behar dela, “jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak”.

Joera neomatxista

“Arreta” jarri zuten, berriz, “emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan, ultraeskuinak aurrera egiteko Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta” jaiotzen direla salatuz. Gaineratu zutenez, “emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurreko erreakzio horrek emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezereztu egiten du, eta oraindik haratago doa, lege-aldaketen biktimak gizonak direlako ustea sustatuz, berdintasunari eta indarkeria matxistari dagokienez”. 

Ildo beretik, salatu zuten “ugaritzen” ari direla “joera neomatxista, mezu misogino eta berdintasunaren aurkako mezuak (…) Eta adierazi zuten batez ere gazteengana "indarkeriak ez duela generorik", "asmakizun ideologikoa" dela eta berdintasun-politikak urrunegi iritsi direla bezalako mezuak iristen” ari direla. 

Konpromisoak

Eta honako lau konpromisoak hartu zituztela jakinarazi zuten: 

  • Gure herrian, euste-horma kolektiboa aktibatzea, emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo/eta ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean, tokiko eragile guztiekin lan eginez.
  • Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia indartzea.
Sentsibilizazio-programak garatzen jarraitzea herritarrekin, eta bereziki gurasoekin eta irakasleekin, genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruzkoak.
  • Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako ahalduntze-jarduerak egiten jarraitzea; ahalduntze eskola indartuz.
  • Beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aritzea, Emakunde eta foru-aldundiekin. Eta batez ere, mugimendu feminista eta emakumeen mugimenduekin lankidetzan jardutea.