Domekan, argazkilarien topagune izango da Soraluze

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 22a, 13:05

Domekan, Kontrargiren XXXV. Argazki Rallya jokatuko da, nahi duten argazkilari guztiei zuzenduta, 16 urtera bitarteko gazteak barne. Are gehiago, herriko onenarendako zein gazte onenarendako sari bana izango dira. Parte hartzeko izen-ematea domekan bertan egin behar da, 08:15etik 09:30era, Kontrargik Etxaburueta 3an duen lokalean.  Iaz, 42 lehiakide izan ziren.

Domekan jokatuko den argazki rallyak Herriz Herri 2024ko argazki rallyen zirkuiturako puntuatuko du eta horrek inguruko dozenaka argazkilari erakarriko ditu Soraluzera goizean goizetik.

09:30ean, izen-ematea itxi ondoren jakinaraziko zaie lehiakideei zeintzuk izango diren argazkietarako gaiak, ohi denez, bost gai izango dira. Horiek jakin ondoren, 13:00ak arte izango dute herrian zehar, leku publikoetan argazkiak ateratzeko. Tartean, 11:00etan, Txokon hamaiketakoa ere izango dute.

Irabazleak azaroaren 29an

Ateratako argazkien artetik, 36 aurkeztu ahalko dituzte lehiaketara. Horiek azaroaren 26rako bidali beharko dituzte argazkilariek. Gero, epaimahaiak azaroaren 29an, barikua, jakinaraziko du emaitza, 17:00etan, Kontrargiren lokalean.

Bost sari izango dira:

  • 120 euro eta garaikurra lehen multzorik onenarendako.
  • 90 euro eta saria bigarren onenarendako.
  • 70 euro eta saria hirugarrenarendako.
  • 70 euro eta saria herriko onenarendako.
  • 50 euroko bonua gazte onenarendako.

Iaz 42 argazkilarik parte hartu zuen Kontrargiren Argazki Rallyan.