Datorren astean Gabonetako azoka egingo dute

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 21a, 15:29

Herritar bat iazko Gabonetako azokako Kooperatibaren postuan erosten.

Bizikale Merkatari Elkarteak Gabonetako azoka antolatu du datorren barikurako, bihar zortzi. Plaza Zaharreko karpan da hitzordua. Zortzi saltokik jarriko dituzte euren eskaintzak bertan. 10:00etan zabalduko da azoka eta eten gabe, 20:00ak arte izango da zabalik.

Azaroaren 29an, barikua, Triskelek, Criado fruta-dendak, Likai esttetika zentroak, Kooperatibak, Biankak, Iratxo goxo dendak, Belarrak-ek eta Autoservicio Amparok Plaza Zaharreko karpara aterako dituzte euren produktuak, Bizikalek antolatutako Gabonetako azokarako.

10:00etarako guztia gertu izango dute eta 20:00ak arte izango da azoka zabalik. Ohi denez, azokan erosten dutenen artean, erosketa bonoen zozketa egingo dute. 25 euroko lau txartel zozkatuko dituzte eta aurten, nobedade moduan, saria jasotzeko ez da zertan bertan egon beharko, antolatzaileek deituko diete irabazleei telefonoz.

Azoka ez ezik, Bizikaleren eskutik datoz aurten, baita ere, Gabonetako argiak. Atzo, eguaztena ipini zituzten Soraluzeko kaleetan, baina oraindik piztu barik daude. Pizte ekitaldia abenduan egingo dute eta laster zehaztuko dute eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.