Dagoeneko salgai daude datorren zapatuan ospatuko duten Paella Solidarioan parte hartzeko txartelak. Iratxon eta Batzokian eskura daitezke, 13 euroan. Paella Oskar Gil eta Iker Makinai soraluzetarrek prestatuko dute. Guztira, 150 txartel ipini dituzte salgai.
Txistulariak, DJak eta opariak
Paella Solidarioaz aparte, azaroaren 30eko jaiak bestelako osagaiak ere izango ditu, guztiak ere zenbait herritarren laguntzarekin egingo direnak. Esaterako, goizean, txistulariek girotuko dute jaiaren hasiera, kontzertutxoa eskainiz Plaza Zaharrean. Karpan, berriz, garagardo stand-a zabalduko dute eta paella prestatzen hasiko dira Gil eta Makinai, 14:30erako gertu izateko.
Bazkaldu ondoren, berriz, musikarekin segituko du festak; kasu horretan, DJ APA arduratuko da jaia girotzeaz. Bestalde, jaian zenbait opari zozketatuko direla ere iragarri dute antolatzaileek.
Gorka Alberdi jaiaren antolatzaileak esplikatu duenez, Paella Solidarioaren helburua da dirua batzea arazo neurologikoak dituen Soraluzeko ume baten familiari laguntzeko. Mondragon Unibertsitatean dabil ume hori, halako arazoak dituztenei zuzendutako gela batean. Bada, Soraluzeko haren familiari emango diote paella-herrikoiarekin eta garagardo stand-arekin batutako dirua.