'Beldurra aldatu da bandoz' bideoarekin lehiatuko dira soraluzetarrak Beldur Barik lehiaketan

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 19a, 16:26

Soraluze BHI Institutuko 4. DBHko 12 ikaslek ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Beldur Barik programaren aurtengo lehiaketara, Beldurra aldatu da bandoz izenburuarekin. Euren atalean, 98 bideo daude lehian. Hainbat sari izango dira, tartean, 300 euroko saria herri bozketa bitartez erabakiko da eta atzo, astelehena zabaldu zuten botoa emateko epea. Barikura arte, azaroaren 21era arte -barikua barne- izango da zabalik.

Soraluzeko Institutuko 4. DBHko 12 ikasleek Proiektu Komunitarioren baitan landu dute indarkeria sexistaren prebentzioa zein lehiaketarako ikus-entzunezkoa, Josune Aramendi irakaslea gidari zutela. Hark azpimarratu du ikasleek oso lan handia hartu dutela eta gaiari buruzko hausnarketa egiteko ere baliatu dutela ekimena, oso esperientzia pozgarria izan dela.

Beldur Barik programari dagokionez, indarkeria sexistaren prebentzioa du ipar eta gazteei zuzendutako hainbat baliabide eta ekimen eskaintzen ditu, tartean, Beldur Barik ikus-entzunezkoen lehiaketa. Aurtengoa, esandako moduan, abian da. Azaroaren 8an bukatu zen bideoak aurkezteko epea eta ohi denez, EAEko hainbat ikastetxetako ikasleek aurkeztu dituzte euren proposamenak. 

Botoa barikura arte

Halaxe egin dute Soraluzeko Institututik 12 ikaslek. Beldurra aldatu da bandoz izenburua du soraluzetarren ikus-entzunezkoak, eta, minutu eta erdi pasan norberaren askatasuna mugatzen edo baldintzatzen duten hainbat egoera mahai-gaineratzen dituzte, amaieran, beldurrik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatuz.

Beldur Barik lehiaketan 400, 200 eta 300 euroko sariak izango dira. Hain justu, 300 euroko saria herri bozketa bitartez erabakiko da eta atzo, astelehena zabaldu zuten botoa emateko epea. Barikura arte, azaroaren 21era arte -barikua barne- izango da zabalik.