Bizipozak ez duela adinik erakutsi zuten

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 17a, 10:48

Barikuan, bete-bete egin zen Itxaropena Erretiratuen Elkartea 80 urtetik gorakoei egindako omenaldian. 52 emakume eta 33 gizon elkartu ziren eta bapo jan eta bizipozez ospatu zuten eurendako prestatutako omenaldia. Bazkal ostean, Maritxu Alberdi Urizarri eta Patxi Arana Agirreri opariak eman ondoren, musikarekin eta dantzarekin bukatu zuten eguna.

Ezinegonaz, ordua baino lehen hasi zuten 80 urtetik gorakoen bazkari-omenaldia barikuan. Menu gozo eta betea izan zuten bazkaltiarrek eta behingoz, muga barik jan eta edan zuten.

Bazkalostean etorri ziren aurtengo bi omenduendako opariak. Poema bana eta txapela Patxi Aranarentzat eta zapi dotorea Maritxu Alberdirentzat. Biek ala biek senideekin batera ospatu zuten eguna.

Borobiltzeko, Ander Ariznabarretak musika jarri eta kantuan eta dantzan jardun zuten animatuenek.