Badoaz lehen furgonetarekin Valentziara

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 15a, 19:03

Gaur, barikua, Valentzairantz abiatu dira Ibai Kortabarria eta Ione Errasti, Soraluzen batutako materialaren zati bat Chivako lagunei eramatera. Lehen bidaia honetan, oinarrizko beharrak asetzeko produktuz bete dute furgoneta: ura, maskarak, pardelak umeendako zein nagusiendako, garbiketarako materiala, xaboia… Eta baita umeendako jostailuak ere. Kontatu dutenez, beste bi furgoneta betetzeko lain gauza eman dituzte soraluzetarrek.

Gaur iluntzean abiatu eta goizaldean iritsiko dira Valentziara Ibai Kortabarria eta Ione Errasti. Herritar batzuek Bergaran furgoneta bat alokatu diete eta hura bete produktuz eramango dute Chiva herrira.

Atzo, eguena, batu zuten azken dohaintza, Mesedeetako egoitzak emandako maskara mordoa.
Ibai Kortabarriak kontatu duenez, lekuaren eta pisuaren arabera, arropak ere sartuko dituzte gaurko furgonetan eta, bestela, Gabonak aurretik nahi dute Soraluzen batutako guztia hara eraman. Izan ere, hiru bat bidaia egiteko beste material batu dute. 

Diruari dagokionez, 500 euro dituzte oraingoz, “lehen bidaia honetarako soberan. Asmoa dugu bidean gastu guztien tiketak eskatzeko, garden jokatu eta jendeari erakusteko zertan gastatu dugun dirua”.

Laguntza gehiagoren bila

Handik bueltan, lanean segi eta bigarren erronda batean, enpresetara jotzeko asmoa dute laguntasun bila. “Dirua, edo furgonetaren bat lagatzeko… eurendako egokiena dena”, esplikatu du Kortabarriak. Halaber, eguaztenean erretiratutako itsulapikoak berriro ere ipiniko dituzte lehengo lekuetan, okindegian, Edurtzan eta Bolian, hurrengo bidaia horietarako dirua biltzeko. “Enpresaren batek dirulaguntza-edo eman nahi badu”: Ione Errasti: 695 18 00 95 eta Ibai Kortabarria: 617 68 04 20).