Talentua identifikatzen laguntzeko hitzaldia eguenean KLB8an

Egoitz Unamuno 2024ko aza. 12a, 08:00

Izana proiektua aurkezten Oñatin. Argazkiak: Gorka Ugarte.

Eguenean, Egoitz Atxaga eta Aitor Abaroa Oñatiko Izana proiektuko kideek "talentuaren pedagogia" izango dute berbetagai KLB 8 aretoan. Bertan, 13 urtetik gorako pertsonengan talentua identifikatzen duen metodo baten berri emango dute. Hitzaldia 18:30ean hasiko da eta batez ere, zuzenduta dago nerabeen gurasoei baina edozein herritarrek parte har dezake. 

Egoitz Atxaga eta Aitor Abaroa Bigarren Hezkuntzako irakasleak dira Oñatin eta "ikasleei hobeto laguntzeko modu bila" zihardutela ezagutu zuten  "talentuaren pedagogia berri bat". Urte batzuetan euren kasetara formatzen jardun eta gero, aurten Oñatiko Izana proiektua eratu dute zerbitzu enpresa gisa eta irailetik aurrera, ekin diote Euskal Herrian zehar 13 urtetik gorako pertsonengan talentua identifikatzeko metodologia aurkezteari. 
 

"Badakizu zein den zure talentua?"

Egueneko hitzaldian talentua "identifikatzearen garrantzia eta identifikatzeko modua" azalduko dituzte. "Badakizu zein den zure talentua? Badakizu zertan zaren ona?". Atxaga eta Abaroaren esanetan galdera horiei gutxitan ematen diegu "baiezko argi" bat. "Aldiz, zertan ez garen ondo moldatzen galdetzen digutenean, askok errazago erantzuten dute. Are gehiago, badago jendea ezertan ona ez dela uste duena, gaitasun azpimarragarririk ez duela uste duena". Ostera, Izana proiektuko kideek azpimarratzen dute "denok dugula talenturen bat eta talentu hori ezagutu eta lantzeak, indartzeak, ibilbide pertsonal zein akademiko edo profesional eraginkorragoa, arrakastatsuagoa, zoriontsuagoa izateko bidea zabaltzen" duela. Hitzaldia, batez ere, nerabe garaian dauden ikasleen gurasoei zuzenduta dago: "Seme-alabak badituzu, badakizu zertan diren onak? Eskolan, ziurrenik, zertan hobetu behar duten esaten dizuete, zein ikasgaitan sartu partikularretan, 5era iristea kostatzen zaion horretan errefortzatu beharra duela. Aldiz, denok dauzkagu gaitasun batzuk, eta horiek denak batuta, norberarena eta bakarra den talentua dugu guztiok. Nola aldatuko litzateke gure bizitza talentu hori ezagutu eta gure eguneroko bizitzan aplikatuko bagenu? Nola sentituko ginateke alor profesionalean, emateko daukagun onena emateko gai izango bagina. Nola aurre egin ahalko lioke ikasle batek bere ibilbide akademikoari, bere indarguneak ezagutu eta horiek bereziki lantzen diren ikasketa aukeratuz gero?". 
 

Aurrez testa betetzeko gonbitea

Hizlariek, bertaratzeko asmoa duten herritarrak gonbidatu nahi dituzte, bakoitzaren talentua identifikatzeko prestatu duten TESTA betetzera, ondoren, "emailez jasoko dute euren gaitasunen berri" eta horrela hitzaldiari "zuku gehiago" aterako diote, talentu motak azaltzen dituztenean bakoitzak berea identifikatu ahalko du eta.  
 
Hitzaldia Soraluzeko Feli Oregi Zentroak antolatu du eta arratsaldeko 18:30ean hasiko da Kalebarren 8ko udal-aretoan.