Erregetxeko erakustazoka osatu duten baserritarrez, ganaduzaleez eta barazkigileez aparte, aurtengo Gaztañerre azokan nabarmendu diren izen propioak honako hauek izan dira: San Andres auzoko Mari Carmen Aranberri Arano, Moises Arizaga Larrañaga, Jesus Arizaga Larrañaga eta Maria Jesus Laskurain Aranberri. Jone Alberdi zinegotziaren eskutik jaso dituzte opariak.
Momentu hunkigarria izan da omenaldian aurten hil den Juan Inazio Laskurain Osumakoari aipamena egin diotenean. Haren loba Aratzeko bertso ederrak kantatu ditu aitaitaren omenez.
Horrez aparte eta ezustean, aurtengoan beste pertsona batek ere jaso ditu opariak, kasu honetan, baserritar guztien eskutik, urte luzez albaitari eta lagun izan duten Pedro Erkiagak. Hura ere igo arazi dute oholtzara eta txapela, opariak eta eskerronak eman dizkiote.
Apur bat lehenago Urrats Dantza Taldeko dantzariak izan dira protagonista, aurten ikuskizun berritua plazaratuz.
Eta oro har, azoka betea, eguraldi bikaina eta giroa ere halakoxea izan dela esan daiteke.