Azkenean ganadua ere izango da Gaztañerre azokan

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 6a, 10:16

Behiak Gaztañerre azokan.

Oiartzunen mingain-urdinaren gaixotasun kasu bat antzeman ondoren, Gaztañerre azokako ganadu erakusketa bertan behera laga zuten atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa eremu mugatu deklaratu eta nahitaezko txertaketa ezarri zuelako. Gaur goizean, aldiz, DEBEMENetik jakinarazi dute zapatuan behiak ere Erregetxean izango direla, albaitariek bermatu baitute txertatu egingo dituztela. 

DEBEMENetik esandakoaren arabera, mingain-urdinaren kasu bakarra antzeman da Oiartzunen, eta ez da beste kasurik azaldu. Soraluzen, berriz, orain arte, ez da kasu bat bera ere antzeman. 

Hori horrela, Diputazioak hartutako neurria beteta, hau da animaliak txertatuta, zapatuan, Gaztañerre azokan izateko aukera bermatuko diete horrela egin nahi duten Soraluzeko ganaduzaleei. Behiak datozen egunotan txertatuko dituzte. 

Gorabeherak gorabehera, azkenean zapatuan ganadu erakusketa ere izango da Gaztañerre azokan.