Valentziarako materiala batuko dute barikura bitartean

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 4a, 12:05

Valentziako Chiva herriari laguntzeko material bilketa abiarazi dute Ione Errasti eta Ibai Kortabarria herritarrek. Barikura arte eraman daiteke laguntasuna (albiste barruan zerrenda), Boliara eta Estankora. Joan den astetik dihardute materiala batzen eta gaur, astelehena, auto bete poltsa eta produktu bidali dituzte. Euren asmoa da aste honetan batutakoarekin beste furgoneta bat edo bi bete eta eramatea.

Joan den martitzenean hasi ziren Ione Errasti eta Ibai Kortabarria Chivarako materiala batzen, “han zeuden beharrak ikusita, erabaki genuen laguntza behar dutela”, kontatu du Ibai Kortabarriak. 

Sare sozialen bitartez eta Bolia tabernan iragarriz deialdia egin eta materiala batzen hasi ziren. Gauza mordoa batu dutela kontatu du Kortabarriak: “Zapatilak, botak, garbietarako trasteak, arropa, umeendako esneak, potituak, fardelak umeendako eta nagusiendako, umeendako karroa…”

Gaur, astelehena, batutakoaren zatitxo bat kargatu dute valentziar lagunen kotxean, oraingo behar handienen arabera. Eta barikura arte materiala batzen segituko dute. Asmoa da barikutik aurrera eurek eramatea batutakoa furgonetan, “furgoneta bat edo bi edo jendeak ekartzen duenaren arabera”, esan dute. 

Honako produktuak komeni dira:

  • Garbitasunerako eta segurtasunerako:
  • Palak, kuboak, eskobatzeko eta fregatzeko zepiluak .
  • Desinfektatzeko produktuak (lixiba, detergenteak edo antzerakoak)
  • Linternak eta pilak
  • Kargagailu portatilak

 

  • Pertsonaren garbiketarako eta osasunerako:
  • Toallatxo umelak
  • Tanpoiak, konpresak…
  • Umeendako eta nagusiendako fardelak
  • Lehen laguntasunetarako botikinak
  • Botikak (umeendakoak…)
  • Zabor-poltsak

 

  • Elikagaiak eta ura:
  • Ura (garrafak eta botilak)
  • Epe luzarorako jakiak: kontserbak, arroza, pasta, lentejak…
  • Prestatutako eta erraz jateko elikagaiak (han kozinatzeko aukerarik ez dutenentzat)
  • Umeendako hauts-esnea
  • Salda, zopa, krema edo antzekoen kontzentratuak (erraz prestatzekoak)
  • Frutak eta barazkiak
  • Fruitu lehorrak