“Herriak salbatzen du herria”

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 4a, 11:02

Ibai Kortabarria, Ione Errasti, Eva Mañez eta Nerea Garcia gaur goizean, autoa bete ondoren, Bolia kanpoan.

Eva Mañez eta Nerea Garcia Valentziako Chivako herritarrak hemen zeuden egun batzuk pasatzen DANAk euren herria kolpatu zuenean. Gaur, astelehena, bueltatu dira jaioterrira. Esan dutenez, euren herrian garbitzen segitzeaz aparte, etxeak husten dabiltza orain, asko eta asko jausteko arriskuan daudelako. Eurei dagokienez, familia ondo dute eta ez dute etxerik galdu, baina “oso-oso txarto” pasatu dute. Soraluzen batutako materialez beteta eraman dute kotxea.

Zelan zaudete?
Oso txarto pasatu dugu. Ez genekien ezer ez familiari, ez lagunei… buruz, ezer ere ez. Bakarrik argazkiak eta notiziak ikusten genituen eta inork ez zigun ezer esaten ez zegoelako ez konexiorik, ez koberturarik, ez argirik eta ezta urik ere. Gure familia ondo dago, hori bai.

Orain zein da egoera han?
Etxeak hustu behar dituzte. Asko jausten ari dira Chivan eta etxe barrutik altzariak, jantziak… ateratzeko laguntzen ari dira. Autoak kendu behar dira, garbitu, lokatza kendu…

Zuek baduzue etxerik?
Gurasoek esan zuten denbora batez hustu-arazi egin zutela. Orain, ya sar daiteke, baina nire kale erdia kanpora doa. Auzo asko doaz kanpora Chivan. 

Orain zer da gehien behar dena hara eramateko?
Janaria, ura, umeendako materiala eta botikak. Esan dutenez, arropa aldetik Chivan ondo daude, inguruko herrietan akaso arropa gehiago beharko da, baina Chivan, momentuz arropa aldetik ondo daude. Beste guztia behar da.

Besterik nahi baduzue esan…
Herriak salbatzen duela herria, hori bakarrik.