Soraluzen bizi diren zein kanpora joandako askok oraindik bizirik eusten diote Domu Santu egunaren bueltan kanposantura bisita egiteko ohiturari. Bazterrak txukundu ondoren, lorez apaintzen dituzte senideen hilobiak. Kanpoan bizi direnetako batzuek herria bisitatzen duten urteko egun bakarrak dira honakoak.
Enkarguak prestatzen
Hilerrira doazenetako askok eurek egiten dituzte lan guztiak. Beste askok, berriz, Belarrak lora-dendan enkargua laga eta haiek arduratzen dira loreak prestatu eta eramateaz. Egunotan, buru-belarri dabiltza horretan, izan ere, bihar, Domu Santu bezpera, enkargu guztiak eramanda eta kanposantuan prest lagata izan behar dituzte.
Dena den, kontatu dutenez, nabarmen jaitsi da kanposanturako loreak enkargatzeko edo erosteko ohitura. Batetik, lehen, hamar urterako ziren hilobiak gaur egun 25 urterako edo gehiagorako izanda, askok ohiturari laga egiten diotelako. Bestetik, errausteko ohiturak gora egin duelako. Hirugarrenik, hainbat bizilagunek (arabiarrek, adibidez) beste kanposantu batzuetara eramaten dituztelako hildakoak, hemen ez baitute lekurik. Eta azkenik, oro har, ohitura aldaketa handia eman delako.
%50 jaitsi dira lore erosketak
Gauzak horrela eta Belarrak lore-dendatik esandakoaren arabera, pandemiatik hona, %50 inguru jaitsi da Domu Santuren bueltan loreak erosteko ohitura.
Edozein modutan, esandako lez, egun hauetan izaten du kanposantuak urteko bisitari kopururik altuena eta horren jakitun, udal langileek gaur, eguaztena, piztu dituzte hango farolak eta astelehenera arte izango dira piztuta.
Halaber, kanposantuak ordutegi berezia izango du bihartik, eguena. Astelehenera arte, zabalik izango da, bisitariak hartzeko prest.