Azken urteotan, handitu egin dira etxebizitza eskuratzeko zailtasunak EAEn. 2008ko krisiaz geroztik, apenas eraiki dira berriak zein babes ofizialekoak eta ondorioz, zenbait aldaketa ematen ari dira etxebizitzen parkearen ezaugarrietan zein etxebizitzen salerosketaren ezaugarrietan.
Etxebizitza hutsak edo norbaiti lagatakoak gorantz herrian
2013-2023 urte arteko datuei erreparatuta, ageri da Debabarrenean, Gipuzkoan eta EAEn, orohar, lehen etxebizitza nagusi edo ohikoak diren etxeen kopuruak gora egin duela. Ostera, Soraluzen, alderantzizkoa da joera, %1,6 hazi baita hutsik edo norbaiti lagatako etxebizitzen kopurua, alegia lehen edo ohiko etxebizitza ez diren etxeen kopuruak. Hazkundea txikia bada ere, esanguratsua da, hori gertatu den herri bakarra baita eskualdean eta baita Gipuzkoan ere, kasu honetan, 3.000tik gorakoen artean.
Alokairuko etxeek ere gora
Etxebizitzaren edukitza-erregimena aztertuta, 2013tik 2023ra bitartean, alokairuan dagoen etxebizitza kopurua hazi egin da EAEko lurralde guztietan, baita Soraluzen ere.
Azaroko aldizkarian, Pil-pileanek etxebizitzen gaiaren inguruko datu eta irakurketa gehiago kaleratuko ditu.