ABISUA

AP-1 autobidea itxita gaur gauean, Bergara eta Maltzaga artean

Erredakzioa 2024ko urr. 30a, 11:49

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, AP-1 autobidea itxita egongo da gaur gauean, eguaztena, Bergara eta Maltzaga artean, Gasteizko noranzkoan, mantentze lanak egingo baitituzte Eitzako tunelean.

Horrez gain, ordea, Lesarri tuneleko pasabidean ere lanak egin behar dituzte zorua hobetzeko; horrenbestez, bi noranzkoetan egongo da autobidea itxita 22:30etik 05:00etara bitartean.

Alternatiba gisa, Bilborako edo Behobiarako noranzkoan doazen ibilgailuek Bergara hegoaldetik irten beharko dute eta GI-627 errepidetik jarraitu Maltzagaraino eta AP-8 autobidean sartu Eibarko ordainlekutik. Gasteizera doazen AP-8ko erabiltzaileei gomendatzen zaie Eibarko 71. irteera erabiltzea eta GI-627tik jarraitzea AP-1era Bergara hegoaldeko kobrantza-geltokitik joateko. Lanak gauez egingo dira, ahalik eta kalte gutxien eragiteko.

Salgai arriskutsuen trafikoa eta garraio bereziak debekatuta

Gainera, Lesarriko tunela Behobiarako noranzkoan osorik birgaitzeko lanak direla-eta, eta segurtasun-arrazoiak medio, salgai arriskutsuen garraioak eta 3 metro baino gehiagoko zabalera eta 4,5 metro altuera duten garraio bereziak ezin izango dute AP-1 autobidetik zirkulatu bi noranzkoetan. Murrizketak Maltzagako AP-8ko lotunearen eta Bergarako AP-636ko lotunearen arteko zatiari eragiten dio, eta tunela birgaitzeko lanak amaitu arte iraungo du debekuak, hau da,  2025eko maiatzera arte, Bidegiren aurreikuspenen arabera. Autobidearen zati hori salgai arriskutsuentzako ibilbideen sarean (SAIS) sartuta dago. Bestalde, lanek irauten duten bitartean, Lesarriko tuneleko abiadura orduko 80 kilometrotakoa izango da gehienez, eta radarraren bidez kontrolatuko dute.