Sendabelarren gaineko ikastaroa bihar hasiko da, arrakasta handiz

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 29a, 18:27

Nerea Altuna eta Idurre Aranguren.

Bihar, eguaztena, hasiko da Sendabelarrak ezagutu eta prestatu tailerraren lehen saioa. Izen-emate handia izan denez, azkenean, Udalak bi tailer antolatu behar izan ditu, beraz, guztira, lau saio izango dira. Biharko saioari dagokionez, Gaztelekuan elkartu eta hasierako azalpenen ondoren, herrigunetik ibilaldia egingo dute sendabelarrak identifikatzeko eta batzeko. EdkoUdalatx mintegiko adituak izango dira gidari. 

Bihar, eguaztena, 19 emakumek parte hartuko du sendabelarren gaineko tailerraren lehen saioan. 18:00etan elkartuko dira Gaztelekuan. Idurre Aranguren (Arrasate, 1979) eta Nerea Altuna (Arrasate, 1978) Arrasateko EkoUdalatx mintegi ekologikoko adituak izango dira gidari. Hasierako azalpenak eman ondoren, herrigunetik egingo dute sendabelarrak identifikatzeko eta batzeko ibilaldia, "jendeak ikusteko bere egunerokotasunean sendabelarrak hor daudela", diote adituek. 

Lehen tailer honen bigarren saioa datorren astean, azaroaren 6an izango da eta orduan, batutako sendabelarrekin aterakinak egingo dituzte, ukenduak nagusiki. 

Berez, Udalak sendabelarren gaineko tailer bakarra zeukan aurreikusita baina izen-ematea handia izan denez, bigarren tailerra antolatu du. Bigarren tailerraren lehen saioa azaroaren 13an izango da eta bigarrena eta azkena, berriz, azaroaren 27an.  

Jakin-mina bai, erabilera ez horrenbeste

Tailerrei dagokienez, Pil-pilean aldizkarian eman zituzten xehetasunak bi adituek. 

Sendabelarrak ezagutu eta batu ondoren, zein aterakin (estrakto) egingo dituzue?
Beraketa azalduko dugu eta ukendua egingo dugu, momentuko sendabelarren araberakoa. Oraindik udako sendabelarrak daude eta negukoak ez dira asko atera. Sendabelarretan sasoiak dira uda-udazkena eta negu-udaberria.
Negu-udaberrian zeintzuk izaten dira?
Ardi-mingaina, xilarra, txikori belarra, eztul-belarra, birika-belarra, negakia, San Jose lorea, biolak…  
Zuek nondik eskuratu duzue sendabelarrei buruzko jakintza? 
Amandreengandik eta gertuko pertsonengandik. Horrez aparte, urtean behin formazioren bat egiten saiatzen gara eta asko irakurtzen dugu.
Ze sendabelar erabiltzen da gehien?
Kamamila, asuna, berbena, balerianak eta halako lasaigarriak… Uste baino landare gehiago dira sendabelarrak.
Adibidez?
Perrexila, albaka, apioa… Adibidez, albakak laguntzen du gorputzeko inflamazioa gutxitzen. 
Eta ezezagunenak zeintzuk dira?
Urriloa eta belaikia -mandragora eta belladona-. 
Horiek sorginkerietan azaltzen dira…
Bai, horregatik aipatu ditugu. Guk urriloa ez dugu topatu, baina belaikia asko dago. Badirudi sorginkerietarako-edo direla bakarrik, baina ezaugarri mordoa dituzte. Hori bai, erabiltzen jakin egin behar da, gainera, akaso niretzat baliagarria dena, zuretzat ez da. Urriloaren kasuan, mina kentzeko erabiltzen da eta lo eragilea da. Dosifikazioa jakin egin behar da, bestela toxikoa da. Belaikia asmarendako eta Parkinsonarendako da. Ez da gauza bera, ezta ere, 100 kiloko pertsona bati eman ala hiru urteko ume txiki bati.
Zer jakin behar da sendabelarrak erabiltzeko?
Sendabelar gehienek dute erabilpen bat baino gehiago. Landareak dira eta askotan ez diegu duten garrantzia ematen. Norberak bere gorputza zelan dagoen jakin behar du sendabelarrak erabiltzeko, zeintzuk diren norberaren beharrak. Ikusi dugu, adibidez, jendeak alergia asko dituela, baita sendabelarrei ere, beraz, kontuz ibili behar da. Zerbait hartzen hasi aurretik, testatu eta kantitate txikiekin hasi. 
Eta zer hartu behar da kontuan sendabelarrak hartzeko?
Gehienbat non jaso eta landarearen zein zati hartu behar den. Ez da gauza bera sustraiak, hostoak edo loreak hartzea. Gauza horiek ikastaroan esplikatuko ditugu. 
Sendabelarren erabilpena handia da, baina?
Jendeak jakin-mina badu eta gure mintegian, adibidez, landare aromatiko asko ikusten baditu, denetik hartzera animatzen da; baina gero, buruko-mina hasten denean, gauza azkarretara goaz. Sendabelar batzuk oso bizkorrak dira, baina botikek baino denbora gehiago behar dute eragina egiteko, nahiz eta gero, hori bai, bigarren mailako efektu gutxiago izan. Jendeak azkartasuna gura du baina. Sendabelarrak hartzea osasungarriagoa da eta norberak kontrolatzen du zer dabilen hartzen. Sendabelarrekin zuk kudeatu ahal duzu zure osasuna eta prebentzio handia egin daiteke. Hori bai, askok ez dakite sendabelarrak erabiltzen eta ez dakite non galdetu ere. Horren arrazoi nagusiena da medizina tradizionalean ez direla erabiltzen.