San Andres auzoko baserrien historia liburua aurkeztu du Francis Larrañagak

Egoitz Unamuno 2024ko urr. 26a, 12:32

Francis Larrañaga antzokian, liburua aurkezten.

Antzokia goraino betea zela aurkeztu zuen eguaztenean Francis Larrañagak (Soraluze, 1949) San Andres baserriak - caserios izeneko liburua. Bertan San Andres auzoko baserrien eta baserritarren gaineko datu historikoak jaso ditu, XIV. mendean hasi eta gaur egunera bitartekoak, baita han eta hemen bildutako argazki sorta ikusgarria ere. 

Ezkontza kontratuak, testamentuak, jaiotza eta heriotza agiriak, pleituen gaineko eskriturak, udaletxeko aktak eta erroldak eta beste hainbat dokumentu aztertu ditu Larrañagak eta "eskribauek idatzitakoak" osatzeko, zuzeneko hainbat elkarrizketa ere egin ditu auzoko baserrietako hainbat bizilagunekin. Modu horretan osatu du 320 orrialdeko liburu mardula, San Andresko 28 baserrien eta bertako bizilagunen gaineko informazioa jasotzen duena. 

Zaharrenak abizen iturri

Aurkezpenean azaldu zuenez, bere asmo nagusia abizenen eta baserrien arteko lotura aztertzea izan. Hala, Larrañagak dokumentuetan topatu dituen aipamenik zaharrenak XIV. eta XV. mendekoak dira eta haietan hamabi baserri ageri dira, "kasualki" denak leinuetxeak dira, abizena sortu dutenak: Argarate, Arizaga, Aseginolazazahar, Bagozgoitia, Barrenetxea, Etxebarria, Goenetxea, Iturriaga, Itsasoegi, Izagirre, Urruzkarate eta Zabaleta.  

Larrañagak azaldu zuenez, horietako abizen batzuk bizirik daude eta beste batzuk desagertu egin dira edo besterik gabe herritik edo Euskal Herritik urrundu egin dira. Adibide moduan, Bagozkoitia abizenaren kasua aipatu zuen. "Bagozkoitia abizena gaur egun Boskoitxi moduan ezagutzen dugun baserritik dator. Gaur egun ere erabiltzen da, baina Euskal Herritik urrun, Hego Ameriketako herrialde batzuetan. Interneten bilatuz gero, agertzen da".  

 

Lehen edizioa agortuta

Udalak jakinarazi duenez, liburuaren lehen edizioa amaitu egin da eta egileak bigarren edizioa abiatu du Gaztañerre azokan liburua salgai izan dadin, 20 euroan.

Bestalde, Larrañagak jakinarazi zuenez, etorkizunean, herriko beste hiru auzoetako baserrien historiak ere argitaratu asmo ditu eta dagoeneko hasita dago haien inguruko informazioa jasotzen. Hori dela eta, datozen hilabeteetan, Ezozi, Txurruka eta Irure auzoetako baserrietako bizilagunengana joko du informazio eske.