Ordu aldaketa zapatu goizaldean

Ubane Madera Zangitu 2024ko urr. 24a, 13:38

Asteburu honetan, neguko ordu aldaketa sartuko da indarrean. Hain justu, urriaren 26tik 27rako gauean, erlojua atzeratu eta 03:00etan 02:00ak izango dira. Hori horrela, goizago argituko du egunak eta ilundu ere lehenago egingo du. 2025eko martxoaren 30era arte izango da indarrean neguko ordutegia.  

Europako arauaren arabera aplikatzen da ordu aldaketa EBko estatu guztietan. Ordu aldaketen helburu ofiziala energia aurreztea da, eta, urtean birritan aldatzen dira erlojuak, martxoaren amaieran, eta, urriaren amaieran. Eztabaida dezente egon da azken urteetan ordu aldaketen aldekoen eta kontrakoen artean. 

2018an hasi zuen Europar Batasunak ordu aldaketaren gaineko eztabaida. Europako Batzordeak herri galdeketa egin zuen, herritarrei ordu aldaketa egiteari uzteko proposamenaz galdetzeko —% 80 alde agertu ziren—. Emaitza horiek oinarri, Finlandiaren ekimenez, batzordeak proposatu zuen 2019ko martxokoa izatea azken ordu aldaketa, baina adostasun eza gailendu zen orduko hartan.
Horren ondorioz, gutxienez 2026ra arte jarraituko dute indarrean ordu aldaketek.