Lekukoen arabera, atzo, 15:45 inguruan zarata handiak entzuten hasi ziren Gabolats kaleko 34. zenbakian, “etxea mugitu ere egiten zen”, kontatu zuen batek. Leihora irten zirenean, ikusi zuten zelan etxe barrutik altzariak botatzen zebiltzan bertako terrazara. “Batzuk oso ondo zeuden. Armairuak, somierra… denetik bota dute”.
Egoerarekin larrituta, berehala abisatu zioten etxejabeari, hark Udaltzaingoari eta Udaltzaingoak Ertzaintzari. Izan ere, Gabolats kaleko 34. etxetik lehenago ere atera zituzten okupatzaileak, birritan, gainera. Azken saiakera joan den astean egin zuten. Ondoko bizilagunek kontatutakoaren arabera, 23:00ak aldera hiru lagun saiatu ziren bertara sartzen. Etxea ahurri egoeran dago deklaratuta eta ez dago bizitzeko moduan.
Ihes eginda
Atzo, berriz, polizia bertaratu denean, hirugarren solairuko pertsianak-eta jaitsita zituzten barrura sartu zirenek, ustez, bi gizonezko ziren. Poliziak ordu erdi inguru behar izan zuen sartzeko, atea giltzarrapoarekin itxita baitzegoen eta jabearen zain egon behar izan baitzuten sartu ahal izateko. Azkenean, sartu zirenean, barruan ya ez zegoen inor.
Lekukoek kontatu zutenez, etxearen atzeko fatxadatik -sartu ziren leku beretik, ustez- ibaira salto egin zuten bi gizonezkok eta ihes egitea lortu zuten. “Beldurrez gaude, hurrengo batean ez ote diren berriro etorriko eta haserrearekin-edo etxeari su eman, ze gaurkoa oso biolentoa izan da”, zioten atsekabez.
Etxejabea bertan gelditu zen, udaltzainak lagunduta, etxeko sarbide guztiak ahalik eta ondoen ixten. Esan zuen salaketa ere jarriko duela, “baina zeinen kontra?”, zioen hark ere atsekabez.