zozketa

Abiatu da Tripontziak, menu berezien eta bisita gidatuen eskaintza zabalarekin

DKT 2024ko urr. 20a, 12:00

Sukaldariak eta erakundeetako ordezkariak ekimenaren aurkezpenean, Debako Santa Maria Elizaren klaustroan. Argazkia: Egoitz Unamuno (DKT)

Abian da Tripontziak ekimen gastronomikoaren 11. edizioa. Aurten, bailarako zortzi jatetxek hartuko dute parte eta azaroaren 8tik abenduaren 2ra bitartean, menu bereziak eskainiko dituzte 35 euroko prezioan. Dagoeneko zabalik dago erreserbak egiteko epea, eskaintza amaitu arte. Horrez gain, doako bisita kulturalak eta gastronomikoak ere antolatu dituzte. Oharrak: DKT-k bi menu zozkatuko ditu debabarrendarren artean, HEMEN.      

Barikuan aurkeztu zuten Tripontziak ekimen gastronomikoaren 11. edizioa, Debako Santa Maria Elizan. Debegesak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoak antolatuta, aurtengo edizioa azaroaren 8tik abenduaren 1era bitartean egingo da eta hiru aste horietan klubeko kide diren eskualdeko zortzi jatetxek bertako produktuekin egindako menu bereziak eskainiko dituzte, 35 eurotan. Ezinbestekoa da aurrez menua  erreserbatzea eta dagoeneko zabaldu dute erreserbak egiteko epea.   

Zortzi menu, zortzi jatetxetan

Edizio honetan, Eibarko Baratze Gourmet, Elgoibarko Belaustegi, Ermuko Mendiola, Mutrikuko Pikua, Soraluzeko Txurruka eta Debako Kanala, Urgain eta Itsaslabarra jatetxeek hartuko dute parte, eta sasoiko eta tokiko produktuetan oinarritutako platerak eskainiko dituzte, jatetxe bakoitzak bereak. Menuak, 35 eurokoak dira eta barne hartzen ditu aperitibo bat, sarrera, bi plater nagusi (haragia eta arraina)  eta Mendaroko txokolatearekin egindako postrea. Ogia, kafea eta ardoa ere menuan sartzen dira, eta jatetxe guztiek ardo berdina eskainiko dute menurekin: Garcia Olano upeltegiko ardo zuria eta Araico upeltegiko ardo beltza. Bestalde, 6 euroko gehigarri baten truke, txakolinaz gozatu ahal izango da. Horretaz gain, berrikuntza gisa, oraingo honetan menu guztien artean aukera begetariano bat egongo da. 

Jatetxe bakoitzaren menu eskaintza ikusgai dago debabarrenaturismo.com webgunean. Eskaintza baliatu ahal izateko, ostera, ezinbestekoa da hautatutako jatetxera deitu eta erreserba egitea, Tripontziak Menua dastatu nahi dela aipatuz. 

Bisita gidatuak txokolategi, museo, sagartoki eta abarretara 

Menuez gain, Tripontziak egitasmoak irauten duen bitartean, Debabarreneko hainbat lekutan bisita kultural eta gastronomiko gidatuak eskainiko dituzte. Leku horien artean daude Mutrikuko Merkatu txikia, Chocolates de Mendaro, Dolmenen ibilbidea, Debako Santa Maria Eliza, Mutrikuko herrigunea, Eibarko Armagintzaren Museoa, Lasturreko talo tailerra eta Lizagasar Sagartokixa. Aurten, bisita guztiek dastaketa txiki bat izango dute amaieran. Modu horretan, eskualdeko plan kulturalak gastronomiarekin uztartzeko aukera eskainiko zaie parte hartzaileei. 

Bisitetan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako, Debegesara (943 82 01 10) deitu daiteke astelehenetik ostiralera 9:00etatik 15:00etarako ordutegian edota mezua idatzi turismoa@debegesa.eus helbide elektronikora. Bisitak doakoak dira eta pertsona bakoitzeko lau izen-emate onartuko dituzte, plazak agortu arte. Bisiten informazioa debabarrenaturismo.com webguneandago eskuragarri. 

Bi zozketa

Aurten ere, Tripontziak zozketa egingo da menua dastatzera doazen herritarren artean. Parte hartzeko, jatetxeetan eskuragarri egongo den QR kodigoan sartu beharko da eta bertan eskatzen diren datuak osatu. Parte-hartzaile guztien artetik, bi irabazle aterako dira, eta irabazleek bertako produktuekin osatutako otar bana jasoko dute.

Bestalde, DKT-k (Debabarreneko Komunikazio Taldea) bi menu zozkatuko ditu debabarrendarren artean. Zozketan izena emateko epea zabalik dago urriaren 25era arte HEMEN.