Astelehenerako dena prest egon dadin lanean zoratzen dabiltza asteotan Lorea Oteiza (Elgoibar, 1977) eta Nuria Bergua (Elgoibar, 1969). Gogotsu daude Soraluzen denda berria zabaltzeko.
Lentzeria izango da, emakumeendako, gizonendako zein umeendako produktuekin: barruko arropak, galtzerdiak, leotardoak, kamisetak, pijamak, etxean egoteko batak… Gauza asko eta taila guztietakoak, baita taila handiak ere.
“Elgoibarren Ecenarro lentzeria-denda dugu, familiakoa. Dendako hirugarren belaunaldia gara gu. Amak eta tiak denda laga zutenean, guk hartu genuen, orain dela 11 urte. Askotan pentsatu izan dugu beste denda bat zabaltzeko aukeran, ze Elgoibarren biltegi handia dugu, arropa asko. Soraluzetik ere etortzen zaizkigu bezeroak Elgoibarrera eta justu udan, bat etorri zen esanez Soraluzen ez zegoela lentzeria-dendarik. Uztailean pentsatu genuen akaso aukera ona zela Soraluzen denda zabaltzea eta Elgoibarko denda ya egonkortuta dagoenez, ba hemen ere probatzea pentsatu dugu”, esplikatu dute Oteizak eta Berguak.
Biek ala biek ezagutzen dute Soraluze apur bat –jaietan-eta etorrita- baina batez ere, Soraluzeko lagun, familia eta ezagun asko dituzte. “Ez gara hain kanpokoak, gertu-gertu gaude, lokal aproposa topatu genuen eta hementxe gaude. Arropa ekarriko dugu ikusten ditugun beharren arabera. Den-dena egongo da bistan. Gauza eta marka piloa ditugu, Lizarrakoak, Sondikakoak, Bartzelonakoak… Markak gertukoak izateari ere ematen diogu garrantzia. Gainera, ditugun produktuetako asko Interneten ezin dira erosi. Bestalde, dendarako laguntzaile bat ere hartu dugu jardun erdira, Miren.”
Astelehenean, 19:00etan izango da inaugurazioa, lunch txikitxo bat eta guzti. Behin ateak zabalduta, Ecenarro lentzeria zabalik izango da astelehenetik barikura 09:30etik 13:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte eta zapatu goizetan.
“Denak izango dira ongi etorriak. Nahiko genuke herriko jendeak aukera ematea, herriko lokala delako eta gertuko tratua emango dugulako. Etor daitezela, galdetzeko besterik ez bada. Gero eurek erabakiko dute zer egin, baina tratu pertsonala emango dugu. Aholkuak ere bai nahi duenari, eta, arropa bertan probatzeko aukera izango da. Denda handiekiko eta Internetekiko desberdintasun hori dugu, zerbitzua ematen dugula”, diote.