Atzo abiatu zen Hezkuntza Foroan parte hartu zuten ordezkarien artean, herri ikastetxekoak, institutukoak, Haurreskolakoak, musika eskolakoak, Jaso Burua Soraluzekoak, zirku tailerrekoa, Kukumixo elkartekoak, Keixeta guraso elkartekoak, Katamarranekoak eta beste izan ziren Herri Antzokian.
Oinherri elkarteak dinamizatu zuen foroa eta Arrate Gaztelu dinamizatzaileak azpimarratu zuen moduan,eskoletatik eta etxeetatik harago doan zerbait komunitario modura ikusten dute hezkuntza. Filosofia hori konpartituz, Udalak horrexegatik nahi izan du profil askotako eragileen eta herritarren partaidetza sustatu Hezkuntza Foroan, herriko Hezkuntza Proiektua biziberritzeko bidean. Zentzu horretan, oso modu positiboan baloratu zen atzo Herriko Antzokian elkartu zen talde zabala eta askotarikoa.
Saretzea, euskara eta migrazioa
Atzoko saioari berari dagokionez, berriz, taldeka banatuta, Soraluzen, hezkuntzaren arloan ikusten den erretratua egin eta partekatu zuten bertaratutakoek, indarguneak zein ahulguneak identifikatuz eta ikusten diren erronkak mahai-gaineratuz. Besteak beste, elkarren artean saretzearen garrantzia, euskararekin lotuta ematen ari den galera eta migrazioaren gaia azaleratu ziren.
Hezkuntza Foroari berari dagokionez, abendura bitartean hiru saio izango dira. Atzokoa eginda, hurrengo saioa azaroaren 13an izango da.